40 urte euskaldunek Everesteko gailurra lortu zutenetik
Hamabi mendigoizalek parte hartu zuten balentria hartako kide izan zen Emilio Hernando.
Gaurko egunez, orain dela 40 urte (1980ko maiatzaren 14an), Martin Zabaleta mendizale hernaniarra, Pasang Temba sherpagaz batera, Everest mendiaren gailurrera iritsi zen, eta ikurrina jarri zuten bertan. Euskaldunek Everesteko gailurra egin zuteneko espedizio hura gertaera gogoangarria izan zen. Hamabi mendigoizalek parte hartu zuten balentria hartako kide izan zen Emilio Hernando. Bilbon jaiotako mendizalea 2002tik bizi izan zen Etxebarrian, 2013 urtean zendu zenera arte.
27 urtegaz, Martin Zabaleta buru zuen espedizioan Everestera igo zen Hernando, beste 12 kidegaz batera, eta taldeko mendizale gazteena izan zen ordukoan. Espedizio hartako beste oroitzapen batzugaz batera, Emilio Hernandok 1980an Everest mendira egindako espedizioan eraman zituen jantziak ikusgai daude Etxebarriko Antsotegi hotelean.
Hernandok eta bere familiak Nepalegaz izandako hartu-emanak ez du eduki etenik. Everesteko gailurra lortu zeneko 25. urteurrenean (2005 urtea), espedizioan parte hartu zuten sherpak egon ziren Etxebarrian, Hernandok gonbidatuta. Zabaletagaz gailurra egin zuen Pasang Temba sherpak horrela ekarri zuen gogora, esate baterako, Alex Txikonegaz aurkitu zenean, eta bideo baten dago jasota.
Ahalegin ugari. Alpinistak Katmandhuraino joan eta martxoaren 20ean kanpamentu nagusira iritsi ziren, eta eguraldi txarraren ondorioz bertan behera geratu ziren ahaleginen batzuen ondoren, gailurrera iritsi eta historia egin zuten euskal alpinismoarentzat, ikurrina munduko punturik altuenean jarriz.
1980 urtekoa ez zen Everesterako lehen euskal espedizioa izan. Beste sei urte lehenago, 1974an, Tximist espedizioak egin zuen saiakera. 16 mendizalek osatutako espedizioa tontorretik 320 metrora geratu zen.