Herritarrekin komunikatzeko aplikazio bat jarri du martxan Markina-Xemeingo Udalak
Doaneko aplikazio horren bidez albisteak eta agenda kontsultatu, udalari gertakarien berri eman eta abisuak jaso ahalko dituzte herritarrek.
Teknologia berriek ematen dituzten aukerak baliatuz, Markina-Xemein Zabaltzen mugikorretarako aplikazioa jarri du martxan udalak. Helburua udal informazioa herritarren eskura jartzea eta herritarren parte-hartzea bultzatzea dela esan dute. Horrela, aplikazioaren bidez, albisteak irakurri, herriko ekitaldien agenda kontsultatu, udalari intzidentzien berri eman eta hainbat gairi buruzko abisuak jaso ahalko dituzte herritarrek: larrialdiak, ur mozketak, trafiko oharrak, ekitaldietako izen-emateak…
Aplikazioak eskaintzen dituen zerbitzuen artean Kalezaindu izenekoa dago, eta tresna horren bidez herritarrek intzidentzien berri eman diezaiokete udalari: “matxurak, hondatuta dauden edo behar bezala funtzionatzen ez duten elementu publikoak, konponketa behar duten gauzak”. Azaldu dutenez, mugikorretik bertatik bidali ahalko dira gertakariak, “azalpen labur batekin, eta, nahi bada, argazki bategaz lagunduta”.
Geolokalizazio sistema ere badauka aplikazioak, eta bere bidez gertakaria kokatuko du. “Abisua jaso ostean, dagokion udal arloa arazoari irtenbidea emateko lanean jarriko da, eta hori lortu arte, gertaera horren bilakaeraren berri emango du udalak aplikazioan eta udal webgunean”. Beraz, kasuaren jarraipena egin ahal izango dute herritarrek.
Aplikazioa jada eskuragarri dago, Android eta iOS sistemetarako, Play Store edo App Storen. “Plataforma berria udal gardentasun atariaren bitartez jarri da martxan, eta Biscaytik-ek garatu du aplikazioa, Bizkaiko udalerriei eskaintzen dien zerbitzuen barnean”.