Zaldibarko zabortegiaren amiltzea aztertuko du Europako Batzordeak, "kasuaren larritasuna ikusita"
Virginijus Sinkevicius Ingurumen komisarioak adierazi du "eskumena duten agintarien" ardura zela hondakindegiko gabeziak "detektatzea, zaintzea eta zigortzea".
Europako Batzordeak ere ikertu egingo du zer gertatu zen otsailaren 6an Zaldibarko Verter Recycling zabortegian, hau da, zergatik amildu ziren milaka tona hondakin, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak azpian utzita. PPko eta Ciudadanoseko eurodiputatuek eginiko galderei erantzunez, Virginijus Sinkevicius Ingurumen komisarioak adierazi du agintari eta epaitegi “nazional edo erregionalen” ardura dela ea zabortegian arau hausterik izan zen egiaztatzea, “baina kasuaren larritasuna ikusita, Batzordeak aztertu egingo du, eta Espainiako autoritateekin harremanetan jarriko da”. Galderei erantsitako informazioari erreparatuta, Sinkeviciusek aitortu du «gabezia esanguratsuak» antzeman daitezkeela: «Arloan eskumena duten agintariek eta auzitegiek horiek detektatu, zaindu eta, azken batean, zigortu behar zituzketen».
Ingurumen erantzukizunari buruzko zuzentarauaz jardun da Ingurumen komisarioa: “Zabortegi baten operadoreak ardura dauka bere jardueraren bidez lurzoruan, airean, babestutako espazioetan eta habitat naturaletan eragindako kalteen gainean”; beraz, ondorioztatu du enpresari eska dakiokeela horiek oneratzea eta kostu guztiak bere gain hartzea. Bestetik, ingurumen informazioaren eskuragarritasunari buruzko zuzentaraua aipatu du, gogora ekartzeko erakundeek berehala jakinarazi behar dutela “osasunerako edo ingurumenerako mehatxuen” berri, herritarrei neurriak hartzeko modua emateko.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, “oinarririk gabeko ondorioak” eman ditu batzordeak. Gobernuak “deitoratu” egin du Sinkeviciusen taldea Ingurumen Sailarekin harremanetan jarri ez izana eta, beraz, zuzeneko informaziorik erabili ez izana Zaldibarko zabortegiaren gaineko kontrolari buruz; halere, “lankidetza” eskaini dio batzordeko lantaldeari. Jaurlaritzak gogora ekarri du bi txosten ireki dizkiola enpresari, ingurumen baimenari buruzko ikuskatze bat eskatu duela, eta amiltzearen arrazoien inguruko peritu ikerketa bat agindu duela; lan horien emaitzak Sinkeviciusi igorriko dizkiola gaineratu du.