Azken 48 orduetan positibo kasu berri bat erregistratu dute Lea-Artibain eta Mutrikun
Azkenean Jaurlaritzak gaur [maiatzak 15] arratsaldean argitaratu du buletina, ez 12:00-13:00 bitartean, orain arte egin modura. Horren arabera, azken 48 orduetan Lea-Artibai eta Mutriku mailan positibo kasu berri bat erregistratu dute, Mendexan. Bestetik, deskonfinamendurako Zaintza eta Kontrol Plana jarri dutela abian esan dute.
Atzora arte, Eusko Jaurlaritzak herriz herriko eta lurraldeetako egoera zer nolakoa zen jasotzen zuen egunero buletin batean; 12:00ak eta 13:00ak bitartean argitaratzen zuten buletina. Atzo, baina, buletinean aldaketak egingo zituztela iragarri eta herriz herriko kutsatuen datuak kendu zituzten; buletina bai atera zuten, baina motzagoa zen, eta lurraldeetako datuak eman zituzten. Gaur, ostera, buletina arratsaldean argitaratu dute (ez dute aldez aurretik abisatu noiz argitaratuko zuten), eta datuak emateko modua ere aldatu egin dute. Orain ez dute esaten herriz herri zenbat positibo kasu dauden erregistratuta, kutsatu berriak zein herritakoak diren baino. Nahasmen horren aurrean, HITZAk herriz herriko kutsatuen grafikoa eta mapa kendu behar izan ditu webgunetik, datuak irakurtzeko sistema aldatu egin behar delako.
Beraz, gaur arratsaldeko buletinean jaso dutenaren arabera, azken 24 orduetan positibo kasu bat gehiago antzeman dute Mendexan. Guztira, beraz, Lea-Artibain eta Mutrikun 92 positibo kasu daude erregistratuta. Hemen herriz herriko datuak:
- Lekeitio: 21 positibo
- Ondarroa: 20 positibo
- Markina-Xemein: 18 positibo
- Mutriku: 14 positibo
- Berriatua: 6 positibo
- Etxebarria: 4 positibo
- Mendexa: 3 positibo (azken 24 orduetan erregistratu dute kasu berri bat)
- Aulesti: 2 positibo
- Amoroto: 1 positibo
- Ispaster: 1 positibo
- Gizaburuaga: 1 positibo
- Ziortza-Bolibar: 1 positibo
Lurraldeetako datuei dagokienez, atzo gauerdira arte erregistratutako positibo kasu berriak ondokoak dira: 9 kasu gehiago Araban, 17 Bizkaian eta 2 Gipuzkoan. Aurreko egunetan jasotako datuen arabera, pandemia hasi zenetik guztira hiru lurraldeetan kutsatutakoak ondokoak dira: 4.877 Araban, 10.349 Bizkaian eta 3.118 Gipuzkoa.
- Hildakoak: esan dutenez, atzo pertsona bakarra hil zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Ez dute lurralderik zehaztu.
- Probak: Atzo, 9.421 proba egin zirela diote (5.001 PCR eta 4.420 test azkar). Atzo PCR bidez baieztatu zituzten positibo berriak 31 dira. Zehaztu dutenez, atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoan antzemandako beste 3 kasu positibo beste autonomia erkidego batzuetako pertsonei dagozkie. Test azkarraren bidez detektatutako kasuak, 29 izan ziren. “Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete”.
- Ospitaleratutakoak: PCR proban positibo eman eta gero, atzo bi ospitaleratze berri izan zirela esan dute (lurralderik ez dute zehaztu). Diotenez, 50 pertsona daude ZIUn (atzo baino 5 gutxiago). Geletan daudenen kopurua ez dute eman, ez eta sendatu direnen edo alta jaso dutenen ehunekoa ere.
Bestalde, azpimarratu dute Osasun Sailak Zaintza eta Kontrol Plana jarri duela abian deskonfinamendu faserako. “Plan horrek COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten pertsona guztiei PCR proba egitea aurreikusten du”. Plana Nekane Murga Osasun sailburuak aurkeztu du.
Plan horren helburuak dira COVID-19aren kasuak goiz antzemateko sistema bat ezartzea, ikuspuntu klinikotik eta epidemiologikotik kasuen eta haien hurbileneko kontaktuen jarraipena egitea eta pandemiaren bilakaera monitorizatzea. “Hala egin nahi da, komunitatean eta gizarte eta osasun zentroetan eta erakunde itxietan transmisioa eta kasuen multzokatzeak murrizteko”.
Planak ondoko protokoloa jarraitzea zehazten du:
- COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituen edozein pertsonari eskatuko zaio berehala PCRa, eta etxeko isolamendua aginduko zaio, harik eta emaitza ezagutu arte. Baten batek sintomak baditu, dagokion osasun zentrora deitu beharko du hitzordua hartzeko, eta etxean egon beharko du PCR proba egin arte.
- Emaitza positiboa bada, kasua eta hurbileneko kontaktuak aztertuko dituzte Lehen Mailako erizaintzako langileek.
Erizaintzako taldea “sendotu” egingo dutela diote. “Horretarako, Lehen Mailako Arretan eta Osasun Publikoan gaitasunak dituzten familia eta komunitateko 34 erizain espezialista kontratatuko dira”. Egindako aurreikuspenen arabera, erizaintzako 150 profesional inguruk izango dute zeregin horretarako behar den prestakuntza. “Gainera, ospitaleetako prebentzio medikuntzako zerbitzuen eta osasun zentroetako lan osasuneko unitateen lankidetza izango du, bai eta Osalanena ere, lan eremuan gertatzen diren kasuetarako”.