Elkartasunez Berton kanpaina abiarazi dute Markina-Xemeinen
Bizum bidez 20 euroko bidalketa egin eta 5 euroko saria lortuko dute lehenengo 900 bizum egileek.

Itxita egon diren ostalari eta komertzioei laguntzeko, Elkartasunez Berton kanpaina abiarazi dute gaur [maiatzak 15] Markina-Xemeinen. Bizum –mugikorraren bidez ordaintzeko sistema– bidez 20 euroko bidalketa egin daiteke kanpainara atxiki diren establezimenduetara, eta lehenengo 900 bizum egileek 5 euroko saria izango dute.
Abenduaren 31ra arte egongo da gero, diru hori aukeratu den establezimenduan gastatzeko aukera. Bezeroak izen abizenak eta NAN zenbakia jarri behar du bizuma egioterakoan. Zehaztu dutenez, NAN bakoitzeko, promozioa jasoko duten bi bizum egin ahalko dira gehienez. “5 euroko saria lortu nahi baduzu saltokiaren Whats App-eko egoeran begiratu ea promozioa martxan dagoen oraindik. Promozioa martxan ez badago ere egin dezakezu bidalketa”, azaldu dute.