Markina-Xemeingo Udalak eta herriko merkatari elkarteak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute
'Elkartasunez Berton' kanpaina lagunduko du udalak, eta osasun materiala bermatuko die herriko komertzio guztiei.
Hemen be bai elkarteak, 2020 urtean, herriko komertzioak sustatu eta babesteko antolatuko dituen ekintza eta kanpainetan parte hartuko du Markina-Xemeingo Udalak. Azaldu dutenez, plangintza bat eratu dute urte osorako, eta ekintza horiek guztiak kontuan hartuta 15.045 euroko ekarpena egingo dio udalak elkarteari. Hain zuzen ere, ekintza bakoitzaren gastuaren %20 beregain hartuko du udalak.
Horrez gain, beste hitzarmen bat ere sinatu dute bi alderdiek. Alde batetik, udalak Elkartasunez Berton kanpaina laguntzeko konpromisoa hartu du, eta 5.000 euro bideratuko ditu kanpaina horretara. Elkartasun kanpaina horren helburua herriko kontsumoa suspertu eta denda txikiak bultzatzea dela azaldu dute, “koronabirusak eragindako egoerari aurre egiteko”.
Bestalde, merkatari eta erosleen segurtasuna eta osasuna bermatze aldera, beste 3.600 euroko diru sail bat finkatu dute. Diru horregaz, Norbere Babeserako Ekipoa (EPI) banatuko diote herriko dendari bakoitzari: FFP2 motako bi maskara, ehun eskularruko kaxa bat eta gel desinfektatzaile litro bat. “Material hori Hemen be bai merkatari elkartekoek banatuko dute herriko merkatari guztien artean, elkarteko kide izan edo ez”, argitu du udalak. Neurri horregaz “herritar guztien segurtasuna bermatzea” dute helburu.