Jarduera guztietan maskarak erabiltzea proposatu du Lehendakariak
Deseskaladan aurrera egiteko bost proposamen helarazi dizkio Pedro Sanchezi autonomia-erkidegoetako presidenteen hamargarren bileran.
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: Irekia Iñigo Urkullu Lehendakariak 1. fasearen lehen astearen balantze positiboa egin du. Deseskaladan aurrera egiteko bost proposamen helarazi dizkio Pedro Sanchezi autonomia-erkidegoetako presidenteen hamargarren bileran, maskaren erabilera banakako prebentzio-neurri gisa zabaltzea barne.
Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban kasu positiboen beherakadaren joera etengabea mantentzea lortu dela esan du Urkulluk, eta, ondorioz, gaurtik aurrera [maiatzak 18] egoitza finkatuta dagoen lurralde historikoaren barruan joan-etorriak zabaldu egin dira.
Lehendakariak bost proposamen helarazi dizkio Espainiako Gobernuko presidenteari, deseskaladan aurrera egiteko:
- Etxetik kanpoko eremu itxietan edota pertsonen artean gomendatutako gutxieneko distantzia mantentzen ez den egoeretan egiten diren jarduera guztietan maskarak erabiltzea. “Zenbat eta mugikortasun handiagoa, orduan eta handiagoa izan behar da banakako prebentzioaren ardura”, esan du.
- Ordu-tarteak berriz aztertzea, baita 1. fasean ere. Lehendakariak onartu du baliagarriak izan direla hasierako uneetan, baina adierazi du orain herritarren artean nahasmena sortzen dutela.
- Bigarren faseko edukiera-murrizketak % 50 arte malgutzea kultura-ekitaldietan edo ostalaritzan. “Ikasitako ikasgaiak osasun publikoaren prebentzioa eta jardueren bideragarritasuna bateragarri egitera gonbidatzen du”.
- Turismo aktiboa eta naturakoa, mendi-ibiliak bezala, modu aske eta seguruan ahalbidetzea.
- Aurrez aurreko hezkuntza-jarduera bultzatzea, arreta berezia jarriz ziklo-aldaketako edo selektibitaterako prestakuntza-ikastaroetan, bai eta zailtasun akademikoak, sozialak, familiarrak edo eten digitala duten ikasleen artean ere.