Ondarroako Artibai egoitzako langileentzat izan da 2020ko Zilarrezko Antxoa
Artibai egoitzako beharginen "lan ikaragarria eta isilekoa" aitortu nahi izan dute sariagaz. Alarma egoeratik irtendakoan egoitza aurrean egingo den jai batean banatuko dute saria.
Konfinamendu egoera berrira moldatuta XX. Antxoa Eguna ospatu zuten ondarrutarrek zapatuan [maiatzak 16]. Jaia nahitaez etxetik gozatu behar izan zen, baina urteroko osagaiak ez ziren falta izan. Ohi modura, Zilarrezko Antxoa sari preziatuak protagonismo berezia izan zuen. Saria momentuan banatu ezin izan bazuten ere, azken unera arte ondo gordeta egon zen sarituaren izena jakitera eman zuten 13:30ean. Artibai egoitzako behargin guztientzat izango da saria. “Zuzendariak, erizainek, erizain laguntzaileek, sukaldariek, garbitzaileek, mantenimendukoak, medikuak, fisioterapeutak, animatzaileak… beraien lana balorean ipini eta aitortza egin nahi diegu udaletik”.
Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak azaldu duenez, Antxoa Egun berezi honetan Zilarrezko Antxoa ere bereziki merezi dutenei ematea erabaki dute. “Lan ikaragarria egiten ari dira, isilekoa, baina oso garrantzitsua. Ez bakarrik orain, beti. Beharbada orain gehiago jabetu gara beraien lanaren garrantziaz, baina urteetan daramate lan bikaina egiten”. Kultura zinegotziaren iritziz, herri guztia ados egongo da aurtengo saria egoitzako langileei ematearekin. “Uste dut ondarrutar guztiok bat etorriko garela saria merezitakoa dela esaten dudanean”.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkatearen arabera, hasieratik txapela kentzekoa ari da izaten langileen eta egoiliarren jarrera, eta momentu zailak ere egon arren, ondo doa konfinamendua egoitzan. “Eskerrak eman nahi dizkiet langileei eta egoiliarrei erakutsitako konpromisoagatik, eta baita egoiliarren senideei ere, egoeraren larritasunagaz hasieratik jabetu eta arduratsu jokatzearren”. Esan dutenez, alarma egoeratik irtendakoan egingo dute plakaren banaketa ekitaldia; egoitzaren aurrean festa bat antolatzeko konpromisoa hartu du udalak. “Zilarrezko Antxoa emateko eta langileak omentzeko festa izango da. Egoiliarrek eta senideek ere parte hartzea nahi dugu, merezi dute eta”.
Antxoa Egunari dagokionez, etxetik bada ere, giro ederraz gozatzeko aukera eduki zuten herritarrek. Balorazio positiboa egin du udalak. “Berezia izanagatik, polita geratu zen”. Eguna kirola eginez hasi zuten. Udal iturriek agertu duenez, “espero zen modura” jarraipen ona eduki zuen kirol entrenamendu birtualak. “Facebook eta Instagram bitartez 150 lagun baino gehiago egon ziren zuzenean kirola egiten”. Antxoa pintxoak kalean dastatzeko aukerarik egon ez bazen ere, antolatzaileek herritarrak pintxoak prestatzera eta horien argazkiak sare sozialetara igotzera animatu zituzten. Lehiaketan jende askok parte hartu zuela esan dute; “60 pintxotik gora aurkeztu zituzten herritarrek”.
DJ saioak ere erantzun aparta eduki zuela jakitera eman dute. Koldo Loira, Tximas eta Elepunto DJek etxeetako leiho eta balkoietan batu zirenak dantzan ipini zituzten; kamioneta baten gainean kalez kale ibili ziren. “DJ saioa esperimentu bat izan zen, baina uste baino hobeto atera zen. Herritarrek erantzun aparta eman zioten ekitaldiari, eta adin guztietako herritar asko ikusi ahal izan zen balkoietatik giroaz gozatzen”. Egunagaz amaitzeko, Radixu Irratiako Uhinen Txertoa irratsaioagaz gozatzeko aukera eduki zuten herritarrek. Eta azaldu dutenez, irratsaioa ere arrakastatsua izan zen. Saioa baliatuta, gainera, pintxo lehiaketan parte hartu zutenen arten herriko dendetan eta tabernetan gastatzeko 25 euroko hamabi txartel zozkatu zituzten.
Honakoak dira zozketako sarituak. Saridunek udaletxeko lehen solairuan jaso beharko dituzte txartelak. Astelehenetik barikura, goizez, kultura eta kirol sailean.
- Koldo Bakeriza
- Olatz Herrera
- Urtza Alkorta
- Aritz Egurrola
- Nerea Añorga
- Gotzon Arrasate
- Eider Ugartetxea
- Alazne Gabilondo
- Edurne ‘Kipuli’
- Amaia Telleria
- Txomin Arantzamendi
- Alazne Aranbarri