Aurrez aurreko zerbitzua ematen hasi dira Debegesaren Eibarko bulego nagusian
Zerbitzua hitzordua duten herritarrei soilik eskainiko diete, eta beti ere osasun neurri guztiak hartuta.
Debegesak Eibarren duen bulego nagusia zabaldu zuen astelehenean [maiatzak 18] lana bilatzeko prozesuan orientazio bila doazenei, errehabilitazio zerbitzuko laguntzei buruzko informazioa behar dutenei edota ekintzailetza prozesuan aholkularitza nahi dutenei zerbitzua ematen jarraitzeko. Hori bai, nabarmendu dutenez, hitzordua duten herritarrei soilik eskainiko diete aurrez aurreko arreta. Hitzordua eskatzeko 943-82 01 10 telefonora deitu beharko da 08:00etatik 15:00etara bitartean.
Debegesako arduradunek beharrezko tramiteetarako bakarrik gerturatzea gomendatzen dute bulegora. “Gainerako kontuetarako eskuragarri dauden beste komunikazio eta arreta bideak erabiltzen jarraitzera animatzen ditugu herritarrak”.
Osasun alerta dela eta, azken asteotan ez dute aurrez aurreko zerbitzurik eman, eta jakitera eman dutenez, langile eta erabiltzaileen arriskua murrizteko osasun agintariek gomendatutako babes eta higiene neurri guztiak aplikatzeko egokitzapenak egin ondoren ireki ahal izan dute bulegoa. Bulego barruan, esaterako, higienerako eta babeserako gel hidroalkoholiko banagailuak eta erabili eta botatzeko zapiak ipini dituzte erabiltzaileen eskura. Horrez gain, babes manparak ipini dituzte harreran.
Hartu dituzten beste neurrien artean bulego barruko edukiera mugatu egin dutela ere jakitera eman dute. “Aldiro pertsona bakarra sartu ahal izango da, eta bi metroko distantzia errespetatu beharko da beti”. Gogorarazi dutenez, bulegora hurreratzen diren guztiek beren maskara eraman beharko dute soinean.