Jatorrizko itxura hartzen hasita dago Ondarroako Plaiko Zubia
Zubiaren eraberritze lanen zatirik handiena eginda dago. Osasun larrialdiak lanak zer edo zer atzeratuko baditu ere, uda amaierarako edo udazkenaren hasierarako zubia bere lekuan egotea aurreikusten dute.
Hilabete luzeetako eraberritze lanen ostean, jatorrizko itxura hartzen hasi da Ondarroako Plaiko Zubia. 2019ko ekainaren hasieran moztu eta eraman zuten zubia, eta mota horretako lanak egiten espezializatuta dagoen Galdakaoko Orion enpresaren lantegian ari dira eraberritzen. HITZAk jakin ahal izan duenaren arabera, COVID-19aren osasun larrialdiak lanak zer edo zer atzeratuko baditu ere, ez dirudi azkenengoz aurreikusitako epea gehiegi atzeratuko duenik; arduradunek, hain zuzen, uda amaierarako edo udazkenaren hasierarako zubia bere lekuan egotea aurreikusten dute.
Zubia ahalik eta pieza original gehien mantenduta eraberritu nahi izan dute, baina batzuk hondatuta zeudenez, antzeko itxurakoak ere sortu behar izan dituzte. Agertu dutenez, lanen zatirik handiena eginda dago; zubiko egitura eraberritzeko lanak amaitzen ari dira, eta pieza gehienak osatuta eta muntatuta daude. “Margotu eta azkenengo ukituak” falta direla esan dute.
Zubia dagokion lekuan ipintzeko prozesuari dagokionez, bestalde, kentzekoaren antzekoa izango dela iragarri dute; hau da, zatika ipiniko dute. “Zati guztiak ekarri eta denak behar diren modura egokituko dira. Zubiaren zutabeei ere moldaketaren bat edo beste egin behar bazaie orduantxe egingo diete, eta azkenik, zubia dagokion lekuan finkatzen joango dira”.