Bizkaiko hainbat museok erakusketa birtual bat osatu dute
Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu du ekimena, Museoen Nazioarteko Egunaren harira. Bizkaiko hogeita hamar museok baino gehiagok objektuak eta piezak 'utzi' dituzte erakusketa birtuala egiteko, eta tartean da Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoa.
Museoen Nazioarteko Eguna izan zen astelehena [maiatzak 18]. Aurten, baina, egun hori nola edo hala ospatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak erakusketa birtual bat antolatu du, lurraldeko museo bakoitzaren pieza enblematiko, esanguratsu eta garrantzitsuenetako batzuk bilduz. Hogeita hamar museok baino gehiagok objektuak eta piezak ‘utzi’ dituzte erakusketa birtual horretarako, eta herritarrek maiatzaren 29ra arte ikusi ahal dute, modu birtualean, erakusketa hori. Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoa ere tartean da. Hemen erakusketa ikusteko lotura!
Bisitaria erakusketa birtualeko erakusketa osatzen duten piezen multzora sartu ahal izango da, baita lanei buruzko informazioa eskuratu ere. Ikus-entzunezko hainbat baliabide eskuratzeko aukera ere badago, aukeratutako pieza zehatzago ezagutu ahal izateko.
[ERAKUSKETA BIRTUALA BISITATU]
Simon Bolivar Museoak, esaterako, erromes baten eskutik Ziortza-Bolibarko historia ezagutzeko aukera eskaini du, bideo baten bidez.
“Aukera paregabea da lurraldeko museoetako altxorrak bisitatzeko, eta lan horien bidez gure historiaren, tradizioaren, ohituren, aisiaren, kulturaren, sinesmenen, ekonomiaren, artearen eta kirolaren alderdiak ezagutzeko”, esan dute aldundiko ordezkariek.
Erakusketak antzinako hainbat osagai biltzen ditu, gai askori buruz hitz egiten digutenak: Bizkaiko lehen biztanleak, lanbideak, arrantza, errementaritza, meatzaritza, ontzioletako lana eta jarduera industrialagoak… Piezek gerraz eta bakeaz hitz egiten dute, landa-guneetako bizitzaz eta herribildu eta hirietako bizitzaz. Athleticez, ardoaz eta animaliez. Eta jakina, euskarari buruz ere. Foru erakundeak herritar guztiak gonbidatzen ditu lurraldeko museoek gordetzen dituzten altxorrak bisitatzera.
Ekimen horregaz bat egiteaz gain, eta herritarrek museoa bisitatu ezin dutela eta, Simon Bolivar Museoak herritarrek museoaren inguruko informazioa eskuratzeko Facebook orrialdea sortu du. “Lanean dihardugu eta orrialde hau sortu dugu museoaren inguruko albiste zein ekitaldien berri emateko. Gozatu eta zabaldu!”.