Herriko zerbitzuen eskaintza zabaltzeko prozesua hasi dute Etxebarrian
Udalak, lehen pauso modura, galdeketa bat zabaldu du herritarren artean, ze premia dituzten jakiteko.
Etxebarritarrek eguneroko jarduera asko herritik kanpo egin behar izaten dituzte. Inguruetako herrietara joan behar izaten dira musika, kirol, dantza edota hizkuntza eskolak jasotzeko. Hori dela eta, 2020-2021 ikasturtera begira zerbitzu horietako batzuk herrian bertan eman ahal izatea nahi du Etxebarriko Udalak.
Azaldu dutenez, helburua jadanik herrian dauden zerbitzuak indartu eta jarduera berriak martxan jartzea da. “Udalak herriko zerbitzuen eskaintza zabaltzea beharrezkotzat jotzen du herri gisa hobetzeko”, esan dute. Horretarako, aurtengo aurrekontuetan diru sail bat gorde zuten ume zein nagusiei zuzendutako ekintza horiek sustatzeko.
Bide horretan, lehen pauso modura, galdeketa bat zabaldu dute herritarren artean. “Herritarrek ze premia dituzten jakin nahi dugu”, argitu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak. Etxez etxe banatu dute galdetegia, eta bost herritarrek orri berberean erantzuteko prestatuta dago, “etxe bereko adin desberdinetako herritarrek erantzun ahal izateko”.
Galdetegiak proposamen batzuk ditu, eta herritarrek parte hartuko luketen aukeretan gurutzeak jarri behar dituzte. “Proposamen bat baino gehiago aukeratu dezakete, eta beste aukera batzuk ere jartzeko lekua dago”.
Etxebarritarrek maiatzaren amaierara arte edukiko dute galdetegia osatu eta entregatzeko aukera. Esan dutenez, udala erantzunak jasotzen hasi da jada. “Guztiak batutakoan, aztertu eta jakingo dugu zeintzuk bota ahal ditugun aurrera”. Egin ahal diren aukera horiek diruz lagunduko ditu udalak.
Galdetegiak udaletxeko postontzira bota behar dira, edo udaletxeko helbide elektronikora bidali: udala.etxebarria@bizkaia.org.