Markina-Xemeingo Udalak maskarak banatu dizkie 65 urtetik gorako bizilagunei
Hiruna maskara eman dizkiete doan, bakarrik, bikotean eta auzoetan bizi diren herritarrei. Familian bizi direnek Udaltzaingoaren bulegoan jaso ahalko dituzte bihartik [maiatzak 21] zapatura bitartean.
Hiru txandatan banatuta, hiruna maskara eman dizkiete doan, bakarrik, bikotean eta auzoetan bizi diren Markina-Xemeingo 65 urtetik gorako herritarrei. Udalak jakitera eman duenez, BizkaiaGara sarearen barruan Markina-Xemeingo boluntarioek egin dute banaketa etxez etxe.
Familian bizi diren 65 urtetik gorakoek, berriz, Udaltzaingoaren bulegoan jaso ahalko dituzte maskarak bihar [maiatzak 21], etzi [maiatzak 22] eta zapatuan [maiatzak 23] 13:00etatik 15:00etara. “Pertsona bakoitzeko hiru maskara jasoko dituzte baita ere”.
Eguenetik aurrera maskaren erabilera derrigorrezkoa izango dela gogoratu du udalak, bi metroko distantzia gorde ezin denean, bai espazio itxietan eta baita kalean ere, eta arduragaz jokatzea eskatu die herritarrei. “Gure burua eta ondokoena babesteko material guztia modu egokian erabili behar dugu, eta baita, behin erabilita, behar den lekura bota. Maskarak eta eskularruak errefusaren ontzira bota behar dira eta inola ere ezin dira kalean bota. Jokabide arduragabe honegaz, birusaren hedapena errazteaz gain, ingurugiroari kalte handia egiten diogu”.