Koruko abeslariak izango dira asteburu honetan Markina-Xemeingo balkoietako protagonistak
19:00etan hasiko da kantaldia, eta herritarrak eurekin abestera gonbidatu dituzte.
Uhagon kulturgunearen eskutik, Xemein Abesbatzako kideak balkoi eta leihoetara irtengo dira zapatuan [maiatzak 23], kontzertu berezia eskaini asmoz. Xemein Abesbatzako 17 kidek parte hartuko dute, eta eurekin batera abestera batu nahi duten guztiak ondo etorriak izango direla azpimarratu dute.
19:00etan hasiko da kantaldia, eta aurreratu dutenez, Erdotzan, Okerra Kalean, Guen Kalean, Artibai Kalean, Arretxinaga Etorbidean, Ibaibarrenetan, Abesuan, Beheko Mojen Plazan eta Karmengo Kalean abestuko dute. Gune bakoitzean bizpahiru kanta abestea dute asmoa. “Abesbatzako kantari batzuk bakarka eta beste batzuk bikoteka edota hirunaka kantatuko dugu”, azaldu dute.
Koruko abeslari bakoitzak aukeratu du zer kantatu, eta batzuk Xemein Abesbatzaren errepertorioko abestiak izango dira.