10.001 biztanletik beherako eta dentsitate gutxiko herrietan kalera ateratzeko ordutegirik ez da gaurtik
Lekeitiok, Markina-Xemeinek, Ondarroak eta Mutrikuk kilometro karratuko 100 biztanletik gora dute, eta, ondorioz, ordutegiei lotuta egoten jarraitzen dute. Maiatzaren 17an iragarri zuten neurria, baina Espainiako Gobernuak gaur goizean [maiatzak 22] argitaratu du agindua Espainiako Aldizkari Ofizialean.
10.0001 biztanle baino gutxiago edukitzeaz gain, kilometro karratuko 100 biztanle baino gutxiago bizi diren herriak dira ordutegiei lotu barik geratu direnak. Ondarroak, Lekeitiok, Markina-Xemeinek eta Mutrikuk langa hori gainditzen dute. Beraz, lau herri horiek lehengo ordutegira lotuta egoten jarraitzen dute.
Eustat Euskal Estatistika Erakundearen datuen arabera (2019ra arteko datuak), honakoak dira lau herri horiek kilometro karratuko duten dentsitatea:
- Lekeitio: 3.981,3 biztanle kilometro karratuko
- Markina-Xemein: 109,8
- Mutriku: 193,1
- Ondarroa: 2.002,3
Sanchezen gobernuak maiatzaren 17an iragarri zuen neurri hori. Eta, berez, maiatzaren 18an sartu behar zen indarrean. Baina Espainiako Gobernuak ez zuen neurri hori aldizkari ofizialean argitaratzen. Eta horren nahasmena sortu zuen. Neurri hori argitaratu bitartean, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 5.000 biztanletik beherako langari eutsi zioten Foruzaingoaren, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren jardunerako emandako irizpideetan.
Argitaratu denetik indarrean da ordutegiak kentzeko agindua, eta, hor zehazten denez, hurrengo fase aldaketara arte izango da hala. Hau da, gaur esaten badute astelehenean [maiatzak 25] Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa 2. Fasean sartuko direla, gaur indarrean sartu den neurri horrek hiru egun iraungo lituzke. Izan ere, printzipioz, 2. Fasean ez dago ordutegirik zehaztuta, bakarrik pertsona zaurgarrientzako.
Beraz, arauak dioena jarraituta, 10.001 biztanle baino gutxiago duten herriek eta dentsitatearen langa gainditzen ez dutenek ondoko neurriak edukiko dituzte datozen egunetan:
- Haurrak: Gaurko aginduak kendu egin du haurrek guraso batekin bakarrik kalera ateratzeko indarrean zen agindua. Gaurtik aurrera, etxe berean bizi diren pertsonak elkarrekin atera ahal izango dira.
- Taberna eta jatetxeak: Taberna eta jatetxeek barruan zerbitzua eman ahal izango dute, edukieraren %40arekin. Diskotekek eta gauean ireki ohi duten tabernek itxita jarraitu beharko dute.
- Bestelakoak: Elizak eta kultur zentroek ere zerbitzua eman ahal izango dute edukieraren erdiarekin. Beilatokietan eta hilerrietan, kanpoan, 25 pertsona elkartu ahal izango dira, eta barruan, hamabost.