Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak agerraldia egin du Ministroen Kontseiluaren ostean, eta bertan jakinarazi du zein lurralde igaroko diren bigarren fasera. Tabernetara eta jatetxeetara sartu ahal izango da, eta %30eko aforoa izango dute gehienez; hamabost lagun arteko bilerak baimenduta egongo dira. Dena dela, Jaurlaritzak neurri murriztaileagoak ezarri ahal ditu.
Eskualdean erregistratu zuten azken positibo berria joan den asteko domekan [maiatzak 17] antzeman zuten, eta Lekeitioko kasu bat zen. Lurraldeka aztertuta, azken 24 orduetan Araban (4) eta Bizkaian (8) erregistratu dituzte positibo kasu berriak. Gipuzkoan, aldiz, bigarren egunez jarraian ez dute kasu berririk antzeman. Ospitaleratutakoen kopuruak behera egiten jarraitzen du. R0 0,59an kokatu da.
Lekeitiok, Markina-Xemeinek, Ondarroak eta Mutrikuk kilometro karratuko 100 biztanletik gora dute, eta, ondorioz, ordutegiei lotuta egoten jarraitzen dute. Maiatzaren 17an iragarri zuten neurria, baina Espainiako Gobernuak gaur goizean [maiatzak 22] argitaratu du agindua Espainiako Aldizkari Ofizialean.
Momentuz, HITZAk jakin ahal izan duenez, Mutrikun eta Ondarroan hasiko dira mezak eta hileta elizkizunak ospatzen.