Elizkizunak ospatzen hasi dira hainbat herritan
Momentuz, HITZAk jakin ahal izan duenez, Mutrikun eta Ondarroan hasiko dira mezak eta hileta elizkizunak ospatzen.
Elizkizun guztiak segurtasun neurri guztiak hartuta ospatuko direla azpimarratu dute. Hori bai, elizara doazenek maskarak eraman beharko dituzte, derrigorrez. Horrez gain, herritarrak jarri ahal diren aulkiak ere nolabait seinaleztatuta egongo direla gogorarazi dute.
Ondarroako arduradunek esan dutenez, maiatzaren 31n zabalduko dute Andra Mari parrokia, 12:00etan, “betiko legez”. Hileta elizkizunak eguaztenetan eta barikuetan 19:00etan egingo direla esan dute. “Gainerako egunak parrokia garbitzeko erabiliko dira”. Azkenik, Kamiñazpiko elizan domeketan emango dituzte mezak, 09:45ean. Bestalde, Ondarroako Udalak hilerria herritar guztientzako zabalik dagoela esan du. Hilerriaren ordutegia: astelehenetik barikura 08:00etatik 12:00etara, eta zapatu-domeketan 09:00etatik 18:00etara.
Mutrikun joan den asteko domekan [maiatzak 17] hasi ziren mezak ospatzen; pandemia hasi aurretik egin modura, datozen asteetan ere domeketan ospatuko dituzte mezak, 11:00etan. “Pertsonen arteko bi metroko segurtasun tartea bermatzeko, elizaren edukiera gutxitu da. Guztira, 72 eserleku ditugu eta 2 gurpildun aulki sartzeko toki berezia dago”. Herritarrek non jarri ahal diren argi edukitzeko, jarri ahal diren lekuak bankuen bizkarraldean koloredun pegatina baten bidez markatu dituzte. Maskara erabiltzea ere derrigorrezkoa dela gogorarazi eta balbula duten maskarak ez direla onartuko esan dute. Eliza sarreran produktu desinfektatzailea egongo da, eta sartzerakoan eta irteterakoan eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dira. Horrez gain, bustitako alfonbra baten gainetik pasa beharko dira herritarrak. “Elizkizunetan etengabeko aireztatzea bermatzeko, elizako ateak zabalik mantenduko dira. Ez da korurik egongo, ezta abestirik ere”. Azkenik, diru bilketa elizatik ateratzeko unean egingo dutela gaineratu dute, poltsa eskuz esku pasatu gabe. Eta elizkizuna amaitu eta gero, eliza guztia desinfektatuko dutela esan dute. Dena dela, segurtasun arauak betetzen laguntzeko edota kezkak argitzeko, elizaren sarreran zein barruan txaleko horia eramango duten pastoralgileak egongo direla esan dute.