Bigarren faseko neurriak, puntuz puntu
Bigarren faseko aldaketarik nabarmenena da ez dagoela kalera irteteko ordutegirik, ez eta kalean egoteko denbora mugarik ere; umeentzako ere ez dago ordutegi mugarik. Hala eta guztiz ere, 70 urtetik gorako herritarrentzako ordutegiak mantendu egiten dira: 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.
- Mugikortasuna: Bizkai barruko mugikortasuna baimenduta dago, baita ere alboko herrietara joateko; Jaurlaritzak baimendu egiten du mugakide diren herrien arteko mugikortasuna (Mutriku-Ondarroa, adibidez), bai kirola edo jarduera fisikoa egitera edo baita zeregin sozioekonomikoetarako. 14 urtetik beherako haurrak bizikidetza unitatearekin atera ahal dira, edo, gutxienez, pertsona heldu arduradun batekin, ordu tarterik gabe. Ezin izango da aire zabaleko haurrentzako jolas espazioetara sartu.
- Kirola: Paseoak edo bakarkako kirol modalitateak 10 pertsonako multzoetan egin ahal dira. Mendi bueltak edo turismo aktiboa egiteko gehienez 20 pertsonako taldeetan batu daiteke. Ahal den kasuetan, gomendagarria da hitzordua aurretik eskatzea.
- Hondartza: Bainua hartu daiteke eta eguzkia ere bai. Hondartzan 2-23 ordu egotea gomendatzen da. Toailen artean 2 metroko distantzia mantendu behar da. Kirol jarduerak baimenduta daude hondartzan. Bizkaiko hondartzen denboraldia ekainaren 15ean hasiko da.
- Bilerak: Etxebizitzetan zein erabilera publikoko instalakuntzetan gehienez ere 15 lagun batu daitezke, beti ere segurtasun tartea mantenduz.
- Ostalaritza: Taberna edo jatetxe barruan ere eman daiteke zerbitzua, edukieraren %50 gainditu gabe. Jatetxeen kasuan komeni da, ahal bada behintzat, hitzordua eskatzea. Tabernen kasuan barruan ere eserita daudenei soilik zerbitzatuko zaie, eta ezingo da barran eskatu. Terrazek edukieraren erdia eduki behar dute eta mahai batean gehienez 10 pertsona elkartu ahal dira. Gaueko tabernek eta diskotekek itxita jarraitzen dute. Ordutegia eta aforoa zehazten dituen kartela erraz ikusteko leku batean ipinita edukitzea gomendatzen da, ahal izanez gero, sarreran.
- Txokoak eta elkarte gastronomikoak: Txoko zein elkarte gastronomikoak edukieraren %50eko aforoarekin zabaldu daitezke. Hauek, ostalaritzako higiene eta garbitasun arau berdinak jarraitu behar dituzte. Gehienez ere 15 laguneko taldeak batu ahal dira.
- Beilatokiak, hilerriak eta gurtza lekuak: Kanpoan egiten direnetan, gehienez 25 lagun batu ahalko dira, eta leku itxietan egiten direnean, gehienez 15 lagun elkartu ahal dira. Bestalde, gurtza lekuei dagokienez edukieraren erdia bete ahal izango da, bi metroko tartea mantenduz beti ere; aforoa sarreran ikusgai egon behar da. Ikus elizetako neurriak, hemen!