Ikastetxeetara itzuli dira Lea-Artibai eta Mutrikuko ikasle batzuk
Zentro bakoitza izan da ateak irekitzeko erabakia hartu duena. Segurtasun protokolo bereziak prestatu dituzte aurrez aurreko eskoletara itzuli diren ikastetxeetan. Ondoko zentroetako ikasle batzuk hasi dira gaur: Lea Artibai Ikastetxea (Markina-Xemein), Ondarroa BHI, Ondarroako Arrantza Eskola eta Mutrikuko Akuakultura Eskola.
Aurrez aurreko eskoletara itzuli dira gaur [maiatzak 25] Lea-Artibai eta Mutrikuko DBHko 4. mailako, Heziketa Profesionaleko eta Batxilergoko ikasle batzuk. Hala ere, ikastetxeen gehiengoak eskolak modu telematikoan ematen jarraitzeko hautua egin du. Izan ere, Jaurlaritzak erabakia hartzeko aukera ikastetxeetako zuzendaritzen esku utzi du, eta zentro bakoitza izan da ateak irekitzeko erabakia hartu duena.
Ikasgeletara itzuli direnen artean, Markina-Xemeingo Lea Artibai Ikastetxea dago. COVID-19aren krisia dela eta, Eusko Jaurlaritzak diseinatutako ikastetxeetako itzulera planak jasotzen duen bezala, Lea Artibai Ikastetxeak Lanbide Heziketa eta Batxilergoko ikasleen itzulera prestatu du. 120 ikasle eta langile itzuli dira. Irakasleak azken asteetan apurka-apurka bueltatu badira ere, ikasleek online jarraitu dituzte beraien klaseak gaur arte.
Itzulerarako protokolo bereziak prestatzen aritu dira ikastetxean. Iñaki Beitia Etxaburu Lan Arriskuen Prebentzioko arduradunak gelaz gelako eta ikastaro bakoitzeko protokoloak diseinatu ditu, hain zuzen ere. Beharrezkoak diren garbiketa eta higiene neurriez gain, espazioen banaketa bereziak ere egin dituzte guneen edukierak errespetatzeko. Horrez gain, sarrerak eta irteerak modu kontrolatuan egingo dituzte, eta pasabideetan seinale bereziak jarri dituzte horretarako. Bestalde, ikasleentzako zeuden txokoak kendu eta beharrezkoak diren babes neurriak errespetatzeko materiala erosi dute, aurpegia babesteko pantailak eta gela guztietarako gel desinfektatzaileak besteak beste.
Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolak ere gaur [maiatzak 25] zabaldu ditu ateak, osasun protokolo zorrotza beteta. DBH4ko ikasleak soilik bueltatu dira aurrez aurreko eskoletara, derrigorrez maskara jarrita zutela eta elkarrengandik ohi baino distantzia handiago gordez eseri behar izan dira. Horrez gainera, hidrogelak erabili eta sarreran tenperatura neurtu behar izan diete ezinbestean. Ordutegi trinkoan emango dituzte eskolak, 09:30etik 12:30era; eta ez dute jantoki zerbitzurik ezta jolastordurik ere edukiko.
Imanol Lasarte zentroko zuzendariak azpimarratu duenez, ikastolara buelta egiterako orduan ez dute arlo akademikoa kontuan hartu, baizik eta arlo emozionala. “Ikasle batzuk 0 urtegaz hasi ziren berton, eta 16 urteko ibilbidea egin eta gero, ez genuen batere egokia ikusten martxoan agur esan, eta ikasturtea eta euren ikastolako etapa guztia horrela bukatzea. Eskolara bueltatzeko erabakia orduan pisu handia eduki du hezkuntza zentroak eman behar dien ganorazko agurrak”.
Hiru bat asterako programatu dituzte eskolak, eta ohiko gelan batu ordez, jantokian jasoko dituzte eskolak. “Mahaien artean 2 metroko tartea egon behar da, eta horretarako bi gela egokitu edo gela handiago bat erabiltzeko aukera genituen mahai gainean. Ikas materiala jantokira eraman eta eskolak emateko egokitu dugu; segurtasun baldintzak ondo bermatzen diren espazio bat da. Behe solairu guztia egokitu dugu honetarako; metro gutxian dena eskuragarri izateko”.
Ondarroako Arrantza Eskolako ikasleak ere gaur bueltatu dira eskoletara. Halere, ez da presentzia handirik egon. Eskolako arduradunek esan dutenez, errefortzu eskolak eta aurreko bi ebaluaketetako irakasgaiak berreskuratu behar dituztenak hasi dira bakarrik. “Batez ere Lanbide Heziketako lehenengo mailako ikasleak izango dira. Bigarren mailakoak bakarren bat edo beste izango dira”. Klase teorikoak goizean jasoko dituzte, eta praktikoak arratsaldean. “Arratsaldetako eskolak, berriz, txandaka jasoko dituzte, denak ez batzeko”. Gaineratu dutenez, hiruzpalau gela prestatu dituzte dagozkien protokoloak jarraituta. “Ikasle guztiak maskaragaz soinean ibili beharko dira, eta sarreran oinetakoak desinfektatzeko alfonbra txiki bat eta higrelak ipini ditugu”.
Hainbat ikastetxetako ikasleak ez dira itzuliko geletara; ikasturtea modu telematikoan jarraitzeko aukera eman diete
Mutrikuko Akuakultura Eskolan ere errefortzua behar duten ikasleentzako zabaldu dituzte ateak. Lanbide Heziketako gainontzeko zentroetan modura, osasun protokolo zorrotzak beteta ekin behar izan diete eskolei. Eskolak ematerako garaian, kasuistika desberdinak daudela nabarmendu dute. “Protokoloa ezarrita dago. Ikasgai batzuetan saio presentzialak oso garrantzitsuak dira. Kasuaren edo praktikaren arabera talde txikiagoak edo handiagoak osatu beharko dira”.
Etxetik. Markina-Xemeingo Berakruz eta Markina BHIko ikasleak, bestalde, ez dira itzuliko geletara. Azken hilabeteetan bezala, eskolak modu telematikoan ematen jarraitzea erabaki dute. Modu horretan ondo funtzionatzen ari direla azaldu dute Gorka Urkizu Markina BHIko zuzendariak eta Idoia Ventura Berakruz ikastolako zuzendariak. Hala ere, ikasleren batek indartze lanak egitea beharko balu, banakako eskolak emango dizkiotela azpimarratu dute.
Lekeitioko ikasleek ere etxetik jarraituko dute lanean. Segurtasuna bermatzeko zailtasunak ikusten dituzte Lekeitioko Azkue Ikastolan, eta ikasle talde osoa ikasgeletara ez bueltatzea hobetsi dute. Ikastolako etapa guztietan daramaten jarduna egokia dela ikusten dute. Hori dela eta, errefortzu eta arreta behar dutenei bakarrik eskainiko diete klasera etortzea. “Laguntza behar duten ikasleekin plangintza berezi bat egingo da tutore, irakasle eta gurasoekin adostuta”, azaldu du Ibon Goitia Azkue Ikastolako zuzendariak. Euskara murgiltze prozesuan dauden ikasleak ere kontuan hartu dituzte, eta AEKko eskaintza jasotzeaz gain, aukera emango diete aurrez aurreko indartze eskolak hartzeko. “Ahozkotasuna lantzeko ikastolara etorriko dira”.
Lekeitio BHI-ko ikasleek ere ez dute itzuli beharko. Dena dela, ikastetxea zabalik dago, eta ikasleren batek indartze eskolarik beharko balu banakako eskola hartzeko aukera edukiko duela argitu dute. Segurtasun %100 bermatzerik ez dagoela azaldu du Isabel Aizpiri zentroko zuzendariak, eta beraz, ikasturtea etxetik amaituko dute, era telematikoan lan eginez. “40 ordenagailu inguru utzi dizkiegu ikasleei, eta txartelak ere banatu dira Internetik ez zeukatenentzat. Beraz, baliabide nahiko dituztela ikusten dugu”.
Ondarroako BHI-ko ikasleek ere era telematikoan jarraituko dute. Eskola bueltatzeko aukera izango dutenak gutxi batzuk izango dira. Aurreratu dutenez, Batxilergoko bigarren mailako ikasleak ekainaren 8an bueltatuko dira; “selektibitatea prestatzeko errepaso eskolak” izango dituzte aukeran. Egun berean, gainera, amaitzear gelditu zen Lanbideko ikastaroari ere jarraipena emango diote. Hurrengo asteetan, berriz, Lanbide Heziketako praktika eta azterketa ez ohiko batzuk ere egingo dituzte. Mutrikuko Institutuan, aldiz, ikasleak ez dira eskolara bueltatu.