Bizkaiko eta Gipuzkoako zaharren egoitzetan bisitak baimentzen hasiko dira
Egoiliar bakoitzeko senide bakarra joan ahal izango da bisitan, eta segurtasun neurriak zorroztuko dituzte. Bizkaian, ostera, adinekoentzako eguneko zentroak ere irekitzen hasiko dira aste honetan; hamar pertsona baino gutxiagoko taldeetan batuko dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi egin du duela astebete esandakoa: ekainaren 8tik aurrera adinekoen zentroetarako bisitak ahalbidetuko dituzte. Egoiliar bakoitzeko senide bakarra joan ahal izango da bisitan, eta segurtasun neurriak zorroztuko dituzte. Gipuzkoako zahar etxeetan 167 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik; gaur egun 22 pertsona daude COVID-19agaz kutsatuta, bi egoitzatan.
Bizkaiko adinekoen egoitzarako bisitetarako protokoloa ere ondu du Bizkaiko Foru Aldundiak; protokoloa maiatzaren 27tik aurrera egongo da indarrean, eta egoiliarrek bost egunetik behin senide baten bisita jasotzeko aukera edukiko dute. Bisitak osasun neurri zorrotzak betez egin beharko dira, eta egoitza bakoitzak zehaztutako protokoloa betez. “Gutxienez bisitaldi bat egin ahal izango da egoiliar bakoitzeko, bost egunean behin, eta, ahal dela, pertsona berak egingo du”. Egoera berezietan dauden egoiliarren kasuan, egoitzak baimena eman dezake bisitak sarriago egiteko.
Bizkaian, ostera, adinekoentzako eguneko zentroak ere irekitzen hasiko dira aste honetan. Irekiera “pixkanakakoa” izango dela esan dute; aste hasieran lau irekiko dituzte eta aste amaierarako bederatzi irekitzea aurreikusten du Bizkaiko Foru Aldundiak. Segurtasun neurri zorrotzak beteko dituzte eguneko zentroetan, eta hamar pertsona baino gutxiagoko taldeetan batuko dira. Gainera, gehienez ere orain artean zeuden erabiltzaileen %75 bakarrik joan ahalko da eguneko zentrora. Zehaztu dutenez, adinekoen egoitzen ondoan dauden eguneko zentroak aurreragoko fase batean zabalduko dira, “egoitzaren immunizazio mailaren arabera”.