Herriko ekonomiaren alde elkartu dira Lekeition
Independentzia plazan elkartu ziren domekan [maiatzak 24] herriko komertzio txiki eta taberna desberdinetako lagunak.
Lekittarrok Zaindu sare herritarrak, taberna desberdinekin batera, saretu eta elkarregaz lan egiteko dinamika bat jarri du martxan. Horren haritik, Lekeitioko komertzio txiki eta taberna desberdinetako lagun batzuk Independentzia plazan elkartu ziren joan den domekan [maiatzak 24] herri ekonomia eta tokiko garapenaren aldeko ekitaldian. Saretuta eta elkar batuta aurrera egitea posible dela esan zuten.
Joan den astetik, tabernek zabaltzeko aukera daukate, baldintza batzuk beteta. Hala ere, batzuentzako formula horrek ez duela balio, eta informazio falta ere nabarmena dela esan dute. “Egoera gaitz honetan gure tabernak kaltetuak izan dira eta izaten daude. Zarratuta egoteak ikaragarrizko kolpe ekonomikoa suposatu du, eta egoera berri honetan ere gauzak ez dira samurrak”.
Hori dela eta, “inoiz baino gehiago”, tabernen mesederako plangintza bat behar dela diote sare herritarretik. “Taberna bakoitzaren atzean herriko familiak daude, eta ezinbestekoa da babestea. Tabernak babestuz herriko ekonomia babesten ari gara”.
Bestalde, tabernak herritar askorentzat lan leku ere badirela gogora ekarri dute: “Urte osoan lan baldintza duinetan lan egiteko ezinbestekoa izango da tabernari begirako plan osotu bat egitea. Sukaldariak, garbitzaileak, zerbitzariak… denen zaintza ipini behar da erdigunean”.