Lekeitioko Eskolapea bete du euskal preso eta iheslarien etxeratzea eskatzeko elkarretaratzeak
Garuneko isuria izan duen Julen Atxurra 'Pototo' lekeitiarraren osasun egoeraren berri eman zuten ekitaldiaren amaieran.
Julen Atxurra Egurrola Pototo lekeitiarrak izandako osasun arazoaren berri eman eta euskal preso politiko denen etxeratzea aldarrikatzeko, asanblada eta elkarretaratzea egin ziren atzo [maiatzak 25] arratsaldean Lekeition. Deialdiari erantzunez, Eskolape osoa bete zuten herritarrek. Segurtasun neurriak betez egin zuten elkarretaratzea, eta amaieran, Atxurraren egoeraren berri eman zuen haren anaiak.
Azaldu zuenez, Puertoko kide baten bikoteak abisatu zuen Etxerat elkartea eta horien bidez jarri ziren kontaktuan familiagaz, Pototok garuneko isuria izan zuela jakitera emateko. Atzo bertan hitz egiteko aukera eduki zuten beragaz, eta haren egoerak hoberantz egin duela argitu zuen anaiak. Momentu honetan, makulu baten laguntzagaz mugitu ahal dela aitatu zuen. Horrez gain, Lekeitioko medikuak jarraitu beharreko gomendio eta jarraibideak helarazi dizkio. Hala ere, ez dakite kartzelan jarraibide horiek aurrera eraman ahalko dituen.