Eguenetako azoka egokitu du Markina-Xemeingo Udalak
Azokaren eremua zabaldu dute, segurtasun distantziak bermatzeko. Ohiko postu guztiek edukiko dute lekua.
Zelai ingurura itzuli da Markina-Xemeingo eguenetako merkatu azoka. COVID-19 dela eta, Plazabarripera mugatuta egon dira postuak, baina arintze faseekin ohiko itxura hartzen hasi da berriz. Hala ere, segurtasuna mantendu ahal izateko egokitzapen batzuk egin ditu Markina-Xemeingo Udalak. Ohiko postuak azokara itzuli ahal izateko merkatuaren eremua zabaldu dute, era horretan ohiko postu guztiak etortzeko aukera izan dezaten.
Ohi modura, postuak Zelaiaren inguruan egongo dira, baina, segurtasun tarteak bermatu ahal izateko, Zelaiko beheko parteko postu batzuk kokapen berrian ezarriko dira. Hau da, Zelaigunetik kanpo kokatuko dira, arropenak eta loreenak, besteak beste. Horiek Arkupe aurrean edukiko dute lekua.
Joan den astean hasi ziren banaketa berriagaz, eta oraingoan ere berdin jarraituko dutela azaldu dute. Hori bai, erosleei ere elkarren artean bi metroko segurtasun distantzia gordetzea eskatu diete.