Etxebarriko EH Bilduk maskarak erosteko eskaria egin dio udal gobernuari
Herritarren kezka nabaritu dutela esan du EH Bilduk, eta beraz, herritar bakoitzari udaletik maskara bat helaraztea beharrezkoa dela ikusten dute.
Etxebarriko Udalak 800 maskara berrerabilgarri erostea eta herritar bakoitzari ahalbidetzea proposatu dio udal gobernuari. “Kontutan izanda aurrerantzean ezinbesteko babes neurria izango dela, beharrezkoa ikusten dugu herritar bakoitzari udaletik maskara bat helaraztea”, azaldu dute. Izan ere, joan den eguenetik [maiatzak 21] maskara erabiltzea derrigorrezkoa da leku itxietan eta 2 metrotako segurtasun tartea mantentzea ezinezkoa den leku ireki guztietan.
Neurri horren aurrean, herritarren kezka nabaritu dutela esan du EH Bilduk, eta beraz, herritar bakoitzari udaletik maskara bat helaraztea beharrezkoa dela ikusten dute. “Gure ustez maskarek ondorengo ezaugarriak bete beharko lituzke: Babes gaitasun ziurtagiria izatea (CE) eta berrerabilgarria izatea, ahalik eta hondakin gutxien sortzeko”.
Hori dela eta, SKL 125 motako maskarak proposatu dituzte: maskara kirurgiko berrerabilgarri eta garbigarria, ziurtagiriak dituena eta 300 bidar garbitu daitekeena. “Maskara guztiek 2.807,2 euroko kostua izango lukete guztira. Kontutan izanda Etxebarriko udaletik 25.000 euroko partida gorde dela pandemiari aurre egiteko, uste dugu udalak bere gain hartu dezakeen eta behar lukeen gastua dela”.