Ibon Lopezek eta haren lantaldeak Aurreraren lehen taldea zuzentzen jarraituko dute
Entrenatzaile ondarrutarrak Andoni Duarte, Mikel Aramaio, Iker Zubikarai eta Txomin Bustinduigaz ekingo dio 3. mailako abentura berriari.
Aurrera Kirol Elkartea 2020/21 denboraldia prestatzeko pausoak ematen hasi da. Klubeko ordezkariek jakitera eman dutenaren arabera, Ibon Lopez Aristondo entrenatzaileak eta harekin batera aritzen den lantalde teknikoak Aurrerarekin duten akordioa berriztea erabaki dute. Lopezegaz honako taldeak jarraituko du: Andoni Duarte (bigarren entrenatzailea), Mikel Aramaio (prestatzaile fisikoa), Iker Zubikarai (ordezkaria) eta Txomin Bustindui (masajista). “Zuzendaritza taldeak gure lantaldearen aldeko apustua egin du, eta guk ere talde berean jarraitzeko aukera izan dugu. Gu ondarrutarrak izanda, gustura jarraituko dugu taldean”, agertu du Ibon Lopez entrenatzaileak.
Lehen taldeak denboraldi bikaina egin du, eta ondorioz, Ohorezko Mailatik 3. Mailara igotzea lortu du; Lopezek lehen taldea gidatzen jarraitzeko borondatea erakutsi ostean ailegatu da berria. Entrenatzaile ondarrutarrak hiru denboraldi daramatza lehen taldea gidatzen, eta 3. mailari ekiteko gogotsu dagoela esan du. “Taldea entrenatzeko konpromisoa hartu nuenean urruti ikusten nuen mendeurrena, eta zorionez, hemen jarraitzen dugu. Helburuak bete direnez, gainera, jarraitzeko aukera eman digute. Entrenatzaileok, azkenean, emaitzen menpe egoten gara eta ez da erraza izaten horrenbeste denbora jarraian talde berean egotea”.
Azken bi denboraldietan alboan mantendu duen lantalde tekniko bera mantentzea oso pozgarria dela ere azpimarratu du. “Lantalde bera mantentzea oso zaila izaten da, bakoitzak bere gauzak izaten ditu eta. Lantalde bera mantentzea garrantzitsua izaten da; lantaldeko batek taldea uzten badu kosta egiten da konfiantzazko beste pertsona bat aurkitzea eta taldearen dinamikan sartzea, eta alde horretatik ere pozik gaude”.