Lurraldebusek autobus hibrido berriak erabiliko ditu Debabarrenan
Autobus hibridoek DB04 Mallabia-Ondarroa eta DB06 Soraluze-Ondarroa lineetan zerbitzua ematen duten autobus zaharragoak ordezkatuko dituzte.
Euskotrenek jakitera eman duenez, bigarren belaunaldiko sei autobus hibrido berri erosi ditu, eta Debabarrena eta Urola Kosta lineetako zerbitzura gehituko dira autobus horiek: DB04 Mallabia-Ondarroa, DB06 Soraluze-Ondarroa eta UK09 Zumaia-Donostia lineetara, hain zuzen. Iragarri dutenez, datozen asteetan hasiko dira zerbitzua ematen, eta 2007an matrikulatutako sei autobus ordezkatuko dituzte.
Ibilgailu berriek bi ardatz eta 12,75 metroko luzera dute, eta Low Entry modelokoak dira. Erregaia aurreztea ahalbidetzen duen motor elektriko bat dute; baldintza onenetan %30 ere izan daiteke. Proportzio berean, atmosferara isurtzen diren CO2 eta NOx partikulen aurrezpena errazten dute. “Autobus hibridoen belaunaldi berri honek osagai osagarri guztien elektrifikazio handia du, eta horrek motor termikoaren deskonexioa ahalbidetzen du eragiketa askotan, batez ere hirien barruan. Horren ondorioz, nabarmen murrizten dira emisioak eta kutsadura akustikoa”.
Gaineratu dutenez, ibilgailuek irisgarritasun eta segurtasun sistema aurreratuenak dituzte, eta denbora errealean ematen dute gidatzeko moduari buruzko informazioa. “Langileei ere aholkuak ematen dizkiete kontsumoa are gehiago murrizteko sistema optimizatuz”. Euskotrenek agertu duenez, laster zerbitzuan sartuko diren sei autobus hibridoez gain, beste hiru autobus artikulatu ere (diesel Euro 6-D) ipiniko dituzte zirkulazioan epe laburrean, “2007an matrikulatutako hiru autobus Euro 4ren ordez”.