Dentistak eta optikoak ere, neurri zorrotzekin
Dentista kontsultetan eta optiketan larrialdiko zerbitzutik ohiko martxara bueltatu dira. Babes eta higiene neurriak hartzen ohituta daude, eta «normaltasun berrira» moldatzen ari dira orain.
Osasuna da azken hilabeteetan gehien errepikatzen den berbetako bat. Gaixotasun eta infekzioen kontrako lanean ohituta daude dentistak, eta baita babes neurriak erabiltzera ere: «Tresneria guztiak esterilizatzera, maskarak erabiltzera… ohituta gaude», azaldu du Markina-Xemeinen kontsulta duen Ander Fuldainek. Beraz, eurentzat ez da izan aldaketa handia. Erraz egokitu dira egoera berrira. Desinfekzio lanetan beste pauso bat eman dute: «Egin duguna da pixka bat areagotu; neurri gehiago hartu. Adibidez, pazienteen artean desinfekzio lanak kontu gehiagogaz egiten ditugu».
Konfinamenduaren hasieran, larrialdiak bakarrik artatu zituzten dentistek. «Larrialdiak eduki ditugu, baina ez dira horrenbeste izan. Uste dut jendea jakitun zela benetan premiazko gauzetarako geundela, eta etxean egon nahiago izan du, kontaktua eduki eta arriskurik ez izateko», azaldu du Fuldainek.
Kontsulta zabalduta, hitzorduen artean denbora gehiago uzten dabiltza, dena desinfektatzeko: «Ez dugu itxarongelan jendea egotea nahi, arriskutsua izan daitekeelako». Pazienteak kontsultara joan aurretik, sintomarik eduki duten edo ez galdetzen diete: «Sartzerakoan ere tenperatura hartzen diegu. Sintomak eduki badituzte edo eduki dituen norbaitekin egon badira, ezin ditugu artatu».
Ander Fuldain (dentista): “Uste nuena baino normaltasun gehiagogaz ari gara; pentsatzen nuen arazo gehiago egongo zirela”
Lanean «erdi erregular» hasi direla dio. Bi hilabetetan eguneroko lana egin barik egon direnez, lan apur bat pilatu zaie, baina «nahikoa ondo» daramate. «Uste nuena baino normaltasun gehiagogaz ari gara; pentsatzen nuen arazo gehiago egongo zirela. Ez dugu agendan pilaketarik. Inpas batean gaude. Jendeak pixka bat beldurra dauka. Inork ez daki ze eboluzio eduki lezakeen honek. Ez dakigu normaltasuna noiz berreskuratuko dugun. Momentuz jende gehiena etxean geratzen ari da, premiazko gauza bat ez badauka».
Argazkiekin ikusten. Ikusmena zein entzumena aztertzen eta zaintzen dituzte Gernika-Lumoko optika batean, eta ez diote «momentu batean ere zerbitzua emateari utzi». Nerea Egurenen berbetan, fase desberdinetatik pasatu dira eurak ere. Urgentziazko kasuak zelan artatu zituzten kontatu du: «Sintomatologiengatik galdetu eta argazkia bidaltzeko eskatzen genien diagnostiko bat eman ahal izateko. Batzuk argi ikusten ziren, eta beste batzuetan aurrez aurre geratzen ginen, ikusi barik ezinezkoa zelako zer zen jakitea».
Segurtasun zein higiene neurriak betetzen zorrotz dihardute: «Distantziak mantentzen ditugu, neurri batera arte. Gure lanean ezinezkoa da gauza guztietarako distantzia mantentzea, hurbil ez bazaude ezin delako azterketa ondo egin. Adibidez, test jakin batean 5 zm-ra jartzen ez banaiz, ez dut ezer ikusten».
Maiatzaren 11tik goiz eta arratsaldez dago zabalik optika. Faseen bilakaera igarri dute bezeroetan zein kaleetan. Berrogeialdi hasierako kale hutsak betetzen ari dira, «beste poztasun bat» ikusten du: «Lehen hamabostaldian kaletik joateak ere beldurra edota errespetua ematen zuen. Etxetik hona espaloi osoa libre eduki arren, izkinatik joaten nintzen, arrapaladan, pekatua edo zerbait txarto egingo banu moduan. Gainean presio eta sentsazio arraro bat sentitzen nuen».
Higiene neurriak zaintzera ohituta daude optiketan ere. Euren neurriak eta protokoloak dituzte, eta apur bat moldatu dituzte: «Ez gara eskularruetara ohituta egon. Horiekin sentsibilitatea galtzen duzu, eta, adibidez, lentillak ipini eta kentzeko zaila egiten zaigu. Baina moldatu gara. Apurka ikasten goaz denok».
Lehen hamabostaldia oso gogorra izan zela nabarmendu du. Handik aurrera, goizez hiru orduz zabaltzen hasi ziren, batik bat ikusmen zein entzumeneko materialei dagozkien urgentziak konpontzeko zerbitzua emanez. «Luzaro egon gara goizez zabalik eta gainontzeko orduetan telefonoz zerbitzua eskaintzen».
Gernika-Lumoko Zaintza Saretik lortu zituzten babes pantailak eta sarekoen lana goratu du: «Euren beharra sanitarioen modukoa izan da. Behar oso ona egin, eta denbora guztian informatuta eduki gaituzte. Orain, babeserako dugun materiala ikusita, konturatu naiz hasierako neurriak urriak zirela. Orain buruan daramadan babes pantailagaz ia test guztiak egin ditzaket». Aparatu batzuei babes pantailak jarri dizkiete: «Denean moduan, unean-uneko baliabideen arabera jardun gara; gauzak jakin eta irten ahala hobetzen. Adibidez, lehenengotan ez zegoen argi aparailuak zegaz desinfektatu behar genituen, ur oxigenatuagaz edo alkoholagaz. Alkoholak eta lixibak material batzuk desegiten ditu eta. Gero elkargoak pautak eman zituenez, gauzak argi ditugu». Optikarien elkargoak protokolo bat egin die. Besteak beste, test batzuk egiteko era aldatu diete: «Egoera normalean egiten ziren batzuk moldatu ditugu. Informazio berdina edukitzea ahalbidetzen digute, baina beste era batera eginda». Protokoloaren jarraibideekin askoz lasaiago ari dira, seguruago. Hasierako zenbait unetan beldurra eduki zuela aitortu du. Une batzuetan «arriskatzearen eta ez arriskatzearen artean» egon dira, «barruak esaten» ziena egiten. Esaterako, lehen hamabostaldian aurrez aurre artatu zuen urgentzia bat erizain batena izan zen. «Eurak lanean etenik barik aritu dira, ordu asko eta oso nekatuta. Jagon egin behar izan ditugu».
Nerea Eguren (optikoa) : “Agian, gazteek ez dute ikusten eurentzat arriskurik. Ez dira konturatzen eurak izan ahal direla gaixotasuna transmititu ahal dutenak. Kutsatzen badira etxera eroan ahal dute gaixotasuna”
Herritarren jarrera. Arduraz eta erantzukizunez ikusi ditu pazienteak Egurenek: «Sartu eta zer egin behar duten galdetzen dute. Normala den moduan, ez jakiteak ematen dituen zalantzak ditu jendeak, baita gauzak ondo egiteko borondatea eta konpromisoa ere». Batez ere adineko pazienteetan igarri du ardura Fuldainek. «Normala da, eurak arrisku gehiago daukatela ikusten dutelako». Gazteak, berriz, lasaiago ikusten ditu: «Askotan, agian, lasaiegi, edo horrenbeste arduratzen ez diren moduan. Agian, ez dute ikusten eurentzat arriskurik. Ez dira konturatzen eurak izan ahal direla gaixotasuna transmititu ahal dutenak. Kutsatzen badira etxera eroan ahal dute gaixotasuna. Adineko jendean beste kontzientzia eta ardura bat ikusten da».
Eguren: “Jarrera batzuetan ikusten da jendea ez dela konturatzen oraindik ere neurriak hartu behar direla. Gaixotasun hau zer den eta ze kontu eduki behar dugun jakitea askori kostatu egin zaio”
Eurek beldurra baino gehiago ardura daukate, pazienteengandik «30-40 zm-ra» lan egiten dutelako, eta neurri egokiak hartu ezean, oso arriskutsua izan daitekeelako: «Kutsatu gaitezke eta kutsatu ditzakegu. Hori da gure ardura nagusia, eta kontu gehiagogaz ari gara. Beldurra ez dut sentitu, gehienbat uste dudalako gure babes neurriak nahikoa onak eta eraginkorrak direla».
Kalera irteten hasi garen honetan, jendea oso lasai ikusten duela dio Fuldainek: «Bi hilean etxean egon gara, eta orain ikusten da buruan zelan ahaztu dugun edo ahaztu nahi dugun. Jarrera batzuetan ikusten da jendea ez dela konturatzen oraindik ere neurriak hartu behar direla. Gaixotasun hau zer den eta ze kontu eduki behar dugun jakitea askori kostatu egin zaio».
Halako gauzetatik ere gauza onak irteten direla uste du Egurenek, eta jendeak erantzukizunez segitzea espero du: «Ez dezagun ahaztu zelan egon garen. Hau ez da pasatu, eta bizitakoa orain dela bi hilabete gertatu da. Kontu handiz segitu behar dugu. Ikusi beharko da aurrera zelan goazen».