Radixu Irratiaren 'Uhinen Txertoa' irratsaioak "agur" esango du
Konfinamendua hasi zenetik Ondarroako Radixu Irratiak eskaini duen ‘Uhinen txertoa’ irratsaioak agur esango du asteon; azken lau saioak izango dira gaurtik domekara artekoak, eta "bereziak" izango direla diote.
Konfinamenduan herritarrak entretenitzeko sortu zuten Ondarroako Radixu Irratiko (105.5FM) kideek Uhinen txertoa irratsaioa. Eta, orain, konfinamendua arintzen doala eta, irratsaioa amaitu egingo da. Radixuko kideek penaz hartu dute erabakia, baina agur esateko unea heldu dela diote. “Pena ematen digu, bai, baina aldi berean poza ere bai. Izan ere, irratsaioa amaitzeak suposatzen du egoera ‘hobetzen’ doala”. Eguenean, barikuan, zapatuan eta domekan [maiatzak 28-29-30-31] entzun ahalko da azken aldiz, Uhinen txertoa.
Irratizaleak dira Radixuko kideak, baina beste herritar asko bezala, bakoitza bere lanera itzultzeko sasoia ere heldu dela diote. Eta, noski, astean lau irratsaio egitera ere ez dira heltzen. “Astean lau saio egitea oso ona izan da, baina lana ere suposatzen du”. Dena dela, pozik daude herritarren erantzuna oso ona izan delako.
Azken saioak bereziak izango direla diote, batez ere zapatukoa eta domekakoa [maiatzak 30-31]. Izan ere, bi egun horietan ez da lehiaketarik egingo. “Zuzenean dei guztiak jasoko ditugu, eta denak sartuko dira zozketan. Horrez gain, entzuleei galdetuko diegu irratsaioa zer iruditu zaien…”. Zozkatuko dutena ere berezia izango da, bi otzara “eder” prestatu dituzte eta. “Otzara horiek zozkatuko ditugu, bat zapatuan eta bestea domekan”.
Edonola ere, orain arte egin modura, azken saioak ere gozatu egingo dituztela diote. Izan ere, horixe bera da herritarrek herritarrentzako egindako irratsaio horren oinarria: ondo pasatzea eta entretenitzea.
Herritarrei ere esker ona agertu nahi izan diete. “Eskerrik asko denoi! Balorazio positiboa egiten dugu, eta esperientzia oso ona izan da”.
Irratsaioak “agur” esango badu ere, Uhinen txertoa-k eduki duen arrera onaz jabetuta, udara begira beste zer edo zer prestatzea ere pentsatu dute Radixukoek. Oraindik ezer zehaztu ezin badute ere, leiho hori zabalik utzi dute. Dena dela, Radixu Irratiak bizirik jarraitzen duela azpimarratu dute. “Gutxinaka-gutxinaka ohiko programazioa martxan jarriko da, baita beste irrati libreetan ere. Beraz, herritarrak Radixu Irratia entzuten jarraitzera animatzen ditugu”.