Duela lau urte baino herritar gehiagok eman ahalko dute botoa aurten
Hautesle errolda martxoaren 1ean itxi zuten. Alderdi politikoek asteon aurkeztu dituzte hautagaien zerrendak. Posta bidez botoa eman nahi dutenek uztailaren 2ra arte eskatu ahal dute. Mahaietan egon beharko duten herritarren zozketa ekainaren 13tik 17ra bitartean egingo dute.
Zehatz esateko, aurten 1.788.602 herritar daude uztailaren 12an botoa ematera deituta. 2016an egin ziren Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeak, eta orduan 1.778.776 pertsona egon ziren botoa ematera deituta, aurten baino 9.826 pertsona gutxiago; aurten, hautesle errolda %0,55 handitu da.
Lurraldeka banatuta, Bizkaian 947.393 herritarrek daukate boto eskubidea, 583.063k Gipuzkoan eta 258.146k Araban. Atzerrian bizi diren eta botoa emateko eskubidea duten pertsonei dagokienez, aurten 75.669 pertsona daude egoera horretan; botoa eman nahi badute, ekainaren 13ra arte egin dezakete eskaera. Bestalde, hauteskunde mahaiak osatuko dituzten pertsonak izendatzeko zozketak ekainaren 13tik 17ra bitartean egingo direla esan dute. Jakinarazpenak, ostera, ekainaren 14tik 20ra bitartean egingo dira.
Posta bidez botoa eman nahi dutenek uztailaren 2ra arte egin dezakete eskaera.
Alderdi politikoek maiatzaren 20tik 27ra bitartean izendatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen aurrean hautagai zerrendeetako ordezkari nagusi izango direnak. Barruti bakoitza ordezkatuko duten hautagaien zerrendak, aldiz, datozen egunetan izendatuko dituzte (administratzaile orokorrak, ahaldunak, artekariak…). Hautagaien zerrendak ekainaren 16an argitaratuko dira.
Kanpaina hasi arte, debekatuta egongo da kartelen bidez, komunikabideetan eta merkataritza euskarri bidezĀ hauteskundeetarako propaganda egitea. “Kanpaina hasten denean, udal bakoitzak hauteskunde propagandarako eta hauteskunde ekintzetarako erabiliko diren lekuak eta espazioak izendatu beharko dituzte”.