Lekeitioko merkatari eta ostalariek krisiari aurre egiteko laguntza eskatu diote udalari
Zazpi puntuko eskaera bat egin diote udalari. Eskaera horiek salbuespen egoerari erantzun eta herriko komertzio txiki eta tabernen bizitza bermatzeko direla azaldu dute.
Herriko 50 merkatari txiki eta 57 tabernak, Lekittarrok Zaindu sare herritarragaz batera, zazpi puntuko eskaera bat luzatu diote Lekeitioko Udalari. Eskaera horiek salbuespen egoerari erantzun eta herriko komertzio txiki eta tabernen bizitza bermatzeko direla azaldu dute.
Alde batetik, udalaren eskumenekoak diren 2020.urteko tasak bertan behera gelditzea eskatu diote udalari, zabor tasak, alegia. “Martxo eta apirileko tasen ordainketa bueltatzea eskatzen dugu, eta 2021urtean egoerak bere horretan jarraitzen badu, udalak erabaki bera hartzea automatikoki”. Horrez gain, komertzio eta tabernen alokairu eta bestelako tasen (Iberdrola, SGAE, Sercoin , Gizarte Segurantza, ur partzuergoa eta autonomoak) balioaren erdia udalak bere gain hartzea nahi dute. Udalak interesik gabeko kreditu txikien eskaintza egitea ere proposatu dute, egora berriari aurre egiteko, eta egoerak irauten duen bitartean herritarrentzat erosketa bonoen kanpaina bat egin eta bonoen balioaren %20 udalak bere gain hartzea eskatu dute.
Espazio publikoaren erabilerari dagokionez, terrazak ez dutenen kasuan, espazio publikoen erabilera udalarekin antolatzea eskatzen dute, eta terrazak dituztenentzat, ordaindu beharreko tasak bertan behera ustea. “Egoera berezi honen eraginez komunen garbitasunak eragiten duen gainkarga eta gastua saihesteko irtenbide bat adostea ere eskatzen dugu. Komun publikoak herrian zehar jarri eta hauen garbitasunerako lanpostu berriak sortu edo tabernako komunen erabilera behartzekotan, hauek garbitzeko gastuak udalak bere gain hartzea”. Azkenik, osasun neurriak bermatuko dituen plangintza bat eskaintzea eskatu diote udalari. “Irizpide argiekin eta hauek gauzatzeko baliabideak udalak ezarriz”.
Kezkatuta. “Bizi dugunari buelta ematea ez da etorriko gure lantokien zabaltzeagaz”, esan dute Lekeitioko ostalari eta merkatariek. Zoritxarrez, salbuespen egoera honek, ondorio gordinenak luzera ekarriko dituela ikusten dute. “Hilabete emankorrenetan ez dugu lan egiteko aukerarik eduki, eta udaldian aurreikusten ari garen moduan, ezin izango gara heldu %100 irabazietara”.
Denda eta tabernetako langileen osasun egoeraz ere kezkatuta daude. “Inork ez digu babes neurrien inguruko ekintza planik aurkeztu. Zerbitzuen sektorea izanik eta jendearekiko dugun esposizioa kontutan hartuta, ezinbestekoa ikusten dugu osasun neurriak bermatuko dituen plan bat”.
Azaldu dutenez, hori guztiori dela eta zuzendu dira udalarengana eskaera batzuk egitera. “Berandu baino lehen egoera itogarri hau samurtu nahian”.