AEK-k erabiltzen duen lokala berritzen hasi da Lekeitioko Udala
Lanak hasi dituzte, eta irailaren amaierarako dena prest egotea dute asmoa.
“Euskal kulturaren eta euskararen sustapena eta zabalkundea indartzeko asmoz”, elkarlanerako hitzarmena adostu dute Lekeitioko Udalak eta AEK-k. Horrela, AEK-k erabiltzen dituen Atea kalean dagoen eraikineko lokalak berritzeko proiektua aurrera eramango du udalak.
Azaldu dutenez, bulegoak eta ikasleen gelak berritu eta egokitzeko lanak egitea dute asmoa. Horrez gain, irisgarritasuna bermatzeko egokitzapenak ere egingo dituzte. Lanak hasi dituzte, eta irailaren amaierara arte iraungo dutela zehaztu dute. “AEK-k ematen dituen ikastaroak modu egokian egiteko aukera izango du”, azaldu du udalak.