Barinagako frontoia erabiltzeko ordutegia antolatzen hasi dira
Txandak hartzeko udaletxera deitu behar da. Txandetatik kanpo ezingo da sartu frontoira.
2. Fasean kirol instalakuntza estaliak erabiltzea baimenduta dago, arduradunagaz aurretiko zita ezarrita. Hori dela eta, Markina-Xemeingo Barinaga auzoko frontoi estalia erabil daiteke. Horretarako, ordutegi bat antolatzen hasi dira aste honetan, eta Markina-Xemeingo Udalak jakinarazi duenez, ohiko txanda banaketa sistema etenda dagoen bitartean, udalak banatu eta zainduko ditu txandak. Txandetatik kanpo ezin da sartu frontoira.
Horrela, astelehenetik barikura, 08:30etik 14:30era, 94-616 74 54 telefono zenbakira deitu behar dute Barinagako frontoi estalia erabili nahi dutenek. Domeka eta jai egunetarako txanda hartzeko, berriz aurretik deitu beharko dute.
Segurtasun neurriak. Erabiltzaileek, dena dela, arau batzuk bete beharko dituzte. Horrela, gehienez, pertsona bi ibili ahalko dira frontoian, kontaktu fisikorik barik, babes eta segurtasun arauak beteta, eta beti 2 metroko segurtasun tartea zainduta. Kirolariekin entrenatzaile bakar bat ere sartu daitekeela zehaztu dute, dagokion ziurtagiriagaz, eta txanda batetik bestera materiak edo tresnarik partekatzen bada, desinfektatu egin beharko dute.