Ekintza herrikoi batzuk egiteko asmoa daukate Munitibarko San Pedro jaietan
Jaietako zapiaren diseinu lehiaketa martxan dago. Ekainaren 11ra arte bidali daitezke proposamenak, kultura@munitibar.org helbide elektronikora.
Maiatzaren hasieran Munitibarko Kultura eta Jai batzordeak aurreratu zuen bezala, asteburu honetan jaien ohiko formatuarekin aurrera edo atzera egiteko erabakia hartu dute: “Bizi dugun osasun krisiarekiko erantzunkizunez jokatuz aurten ez dira San Pedro jaiak ohiko formatuan ospatuko. Hala ere, herritarren osasuna lehenestuz eta gehien bat herriko txikiei zuzendutako ekintza herrikoi pare bat eginda jaiak era seguru batetan ospatzeko aukera izango dute herritarrek”.
Esan dutenez, San Pedro jaietan erabiliko den formatuaren berri laster emango du Kultura eta Jai batzordeak.
Gainera, jaietan janzteko zapia egingo dute lehenengoz, eta horretarako lehiaketa bat martxan jarri du.
Zenbait irizpide jakinarazi dituzte. Gora jai herrikoiek! Munitibar Arbatzegi-Gerrikaitz leloa edo testua eduki behar dute lehiaketara bidaltzen diren proposamenek. Zapiaren kolorea arrosa izango da eta serigrafia zurian joango da.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek, euren proposamenak kultura@munitibar.org helbide elektronikora bidali behar dituzte. Lanak aurkezteko epea ekainaren 11n [eguena] 23:59etan itxiko dute.
Irabazleak 100 euroko bonu bat eskuratuko du, herriko tabernetan gastatzeko (taberna bakoitzean 25 euro).