Sorkuntza eta esperimentazioa oinarri dituzten bi ikastaro emango dituzte Ispasterren
Ekainaren 28tik uztailaren 3ra eta uztailaren 6tik 10era goizez egingo dituzte bi orduko saioak. Ispasterren erroldatutako haurrei eta herriko eskolako ikasleei zuzenduta daude.
Ekaineko azken egunetan eta uztaileko lehenengoetan Arraguak sorkuntzari lotutako esperimentaziorako bi gune irekiko ditu Ispasterren. Arragua Arropain auzoko Goyogana ontziola zaharrean kokatutako sorkuntza garaikideko praktikak garatzeko gune bat da.
Ispasterren erroldatutako haurrei eta herriko eskolako ikasleei zuzenduta daude, eta 2008-2013 bitartean jaiotakoek parte hartu ahalko dute. Horretarako, baina, aldez aurretik izena ematea beharrezko da udaletxean. Udalaren webgunean edo telefonoz deituta (94-684 29 99) izena eman daiteke ekainaren 9ra [martitzena] arte.
Ekainaren 29tik uztailaren 3ra eta uztailaren 6tik 10era egigo dituzte lan saioak, 11:30etik 13:30era.
Lehen astean, esperimentazio 01 gunea egingo dute: Irudien sorkuntza. Kamararik gabeko argazkia. Bost egun horietan material zein teknika desberdinekin esperimentatuko dute umeek, eta bakoitzak egindako liburu-objektu batean eurek sortutako irudiak bilduko dituzte. Material desberdinen “propietate fotosentikorrak” ezagutuko dituzte. Agente kimiko batzuekin lan egingo dute, eta inguruan aurkitzen dituzten materialak aztertuko dituzte. Irudi horiek zabaldu, grabatu, nahastu eta mozteko tresnak manipulatuko dituzte beste irudi batzuk sortzeko.
Bigarren astean, berriz, esperimentazio 02 gunea egingo dute: Elementuen sorkuntza. Instalazio kolektiboak. Lerro kurboen ideiatik abiatuta, materialak, objektuak, formak eta hondoak aztertuko dituzte elementu desberdinak eraikitzeko, eta ondoren, herriko hainbat txokotatik esku hartzeko. Eraikuntza teknika batzuk aztertuz, materialak manipulatu eta tresnak erabiliko dituzte parte hartzaileek, “instalazio kolektibo baten parte izango diren egiturak sortzeko”.