Espainiak ez du onartu mugikortasuna Euskal Herri osora zabaltzea
Jaurlaritzak eskaera hori egin zien Espainiako eta Frantziako gobernuei. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aukera egongo da herrialde batetik bestera joateko, hirugarren fasera igaroz gero.
Eusko Jaurlaritzak eskaera egin zien Frantziako eta Espainiako gobernuei 3. Fasean Euroeskualdea osatzen duten hiru administrazioetan (Akitania, EAE eta Nafarroa) herritarrek leku batetik bestera mugitzeko aukera izan dezaten. Baina, Frantziako Gobernuak ezer erantzun aurretik, Sanchezen Gobernuak ezezkoa eman zion eskaerari; Salvador Illa Espainiako Osasun ministroaren esanetan, “autonomia erkidegoen artean ibiltzeko” aukera “normaltasun berriagaz” batera baino ez da ailegatuko.
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak hirugarren fasera igarotzeko baldintzak betetzen dituztela ere uste du Jaurlaritzak, eta eskaera helarazi dio Espainiako Gobernuari. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak agertu duenez, eskaera onartuz gero, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek libre izango dute probintzia batetik bestera mugitzea astelehenetik [ekainak 8] aurrera. Hori bai, aukera hori Euskal Herri osora hedatu nahi zutela esan dute, “arrazoi sozioekonomikoak” eta “familiarrak” direla eta.
Hirugarren faseak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izango dituzten zenbait ezaugarri ere azaldu ditu Tapiak.
- Denda eta saltoki handietan gehieneko edukiera %60 izango da.
- Taberna eta jatetxeetan ez da gehieneko bezero kopururik ezarriko, baina bi metroko aldeari eutsi egin beharko diote mahaien artean. Barran kontsumitzea posible izango da, bezeroen arteko tarte hori utzita.
- Zinema, kultur ekitaldi eta ikuskizunetan, ikusle kopurua gehienez %50 izango da, eserita, eta sarrera aldez aurretik hartuko da.
- Areto itxietan antolatutako ekitaldietara gehienez 80 lagun sartuko dira, eta aire zabalean egindakoetara, berriz, 1.000.
- Pilotan eta arraunketan, goi mailako kirolariek baimenduta edukiko dute entrenatzea.
- Udalekuak %50ean ariko dira: leku itxietan gehienez 80 lagun, eta irekietan 200, haurrak zein begiraleak aintzat hartuta.