Leiho eta balkoietatik ospatuko dituzte Ondarroako Kamiñazpiko jaiak
Jai usainari eta euren izateari eutsi nahian ekintza solte batzuk egingo dituzte asteburuan. Paella argazki lehiaketa eta marrazki lehiaketa antolatu dituzte estreinako.
Koronabirusak ekarritako egoera berezia dela eta, aurten ezingo dira normaltasunez ospatu Ondarroako Kamiñazpi auzoko jaiak. Eta ohiko jaiak ospatuko ez badituzte ere, leiho eta balkoietatik tradizioari eutsiko diotela azpimarratu dute Kamiñazpiko Jai Batzordeko kideek. Jai usainari eta euren izateari eutsi nahian ekintza solte batzuk antolatu dituztela iragarri dute.
Ohitura den legez, ospakizunak aurten ere ekainaren lehen asteburuan egingo dituzte. Barikuan [ekainak 5] hasiko dira auzoa girotzen. Arratsaldean, esaterako, auzo osoko leiho eta balkoiak horiz eta beltzez apaintzeko deia egin dute, jaiei “itxura”emateko. “Auzotarrei balkoietan banderak eskegitzeko edo kamisetekin soinean kalera irteteko eskatu diegu. Eta bide batez, argazkiak atera eta bidaltzeko ere eskatu diegu”. Argazkiak Whatsappez (657 70 70 33) edo jai batzordeak Facebook-en zabaldutan duen Kamijai orrialdera bidaltzeko eskatu dute.
Jaietako bigarren eguna oso berezia izaten da auzokoentzat, eta oraingoan are bereziagoa izango dela espero dute. Zapatuari [ekainak 6] hasiera txupin jaurtiketagaz emango diote. Jai Batzordeko kideek 10:00etan botako dute bolandera auzoko parketik. 11:00etan, bestalde, txistulariek auzoan zehar kalejira egingo dute. Ohi modura, auzoa esnatzen eta girotzen ibiliko dira txistulariak. “Aurten, asti gehiago hartuta, kalejira zer edo zer luzeagoa egitea erabaki dugu. Txistulariak zuon etxe azpitik igarotzen direnean atera balkoira txalo egitera”.
Urtero hutsik egin barik paella jana herrikoia egiten dute. Egitarauko ekintzarik jendetsuena izan da; arroza jateko aitzakiagaz 350 lagunetik gora batzen dira parkean mahaiaren bueltan, eta aurten hainbeste jende ezingo denez batu, paella argazki lehiaketa antolatzea erabaki dute, parkean bizitzen den giroa mantendu nahian. “Urteroko giroa bultzatu nahian aurten lehiaketa birtuala antolatzea erabaki dugu; Kamiñazpiko festetako paellaren tradizioa ezin da falta gure mahaietatik. Jendea animatu nahi dugu zapatuan paellak etxeetan, elkarte gastronomikoetan edo nahi duen tokietan prestatu eta jatera. Eta giro horren erakusgarri izango diren argazkiak bidaltzera gonbidatu nahi ditugu”.
Azpimarratu dutenez, paella originalenak tokiko produktuekin osatutako saski bat irabazteko aukera edukiko du. “Paella ezingo dugu probatu, baina originaltasuna sarituko dugu. Kamiñazpirekin identifikatzen duen ukitu bereziren bat eduki beharko du: koloreak, apaingarriak…”. Parte hartu nahi dutenek zapatuan egindako paellaren argazkia bidali beharko dute 23:00ak aurretik. Hori bai, bertan, nahitaez, paella prestatu dutenak edo jango duten mahaikideak agertu beharko dira. Argazkia Whatsappetik (615 72 77 56) bidali, Kamijai Facebook orrira igo edo kaminazpi@hotmail.com helbide elektronikora bidali daiteke.
Umeak ere gogoan hartuta, haientzako marrazki lehiaketa ere antolatu dute. “Aurten ezin dugunez egin beste ezer, umeentzako marrazki lehiaketa antolatzea erabaki dugu”. Gai nagusia Kamiñazpiko Jaiak dela kontuan hartuta, parte hartzaileek marrazten duten trebetasuna erakutsi beharko dute. Aurreratu dutenez, marrazki originalenaren egileak Ate Berdean gastatzeko bonu bat irabaziko du. Parte hartzaileek marrazkiari argazkia atera, eta Whatsappetik (657 70 70 33) bidali, Kamijai Facebook orrira igo edo kaminazpi@hotmail.com helbide elektronikora bidali beharko dute egilearen izena atxikituta. Argazkiak zapatuan bidali beharko dira, 23:00ak aurretik.