Jaurlaritzak Verter Recycling-i bidaliko dizkio Zaldibarko zabortegian egindako lanen lehen fakturak
Fakturen lehen blokea helaraziko diote, 3,4 milioi eurokoa, hain zuen ere.
Otsailaren 6an, Zaldibarko zabortegiko luizia gertatu zenetik, Verter Recycling 2000 SL enpresak lan horiek egiteko gaitasunik ez zuela-eta, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zituen lan guztiak. Eta, orain, Jaurlaritzak instalazioan egiten ari den lanen lehen fakturak bidali dizkio Zaldibarko zabortegiaren jabe den enpresari. Jakitera eman dutenez, gaur arte, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zabortegian 9 milioi euroko balioa duten lanak egin ditu.
Azaldu dutenez, Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordeak ebazpen bat sinatu du eta, haren bidez, orain arte Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak zuzenean betearazi dituen behin-behineko neurriei lotutako kostuak ordaintzea eskatu dio enpresari. Verter Recycling enpresari helarazi diotena, fakturen lehen blokea dela azaldu dute, 3.420.988,71 eurokoa, hain zuen ere.
Batik bat, lehen faktura horiek honako lan hauekin daukatela zerikusia zehaztu dute: “desagertu diren bi langileak bilatu ahal izateko irristatzea egonkortzea eta ezponda seguruak sortzea; premiazko lan puntuetara jotzeko bidea irekitzea; ingurumen inpaktua eta herritarren osasuna kontrolatzea; sutea kontrolatu eta amatatzea makina astunen bidez, eta aireko baliabideak lankidetzan jardutea; hondakinentzako segurtasun gordailuak gauzatzea edo lurpeko uren kontrol sarea diseinatzea”.