Lea-Artibain eta Mutrikun kutsatu berririk erregistratu gabe jarraitzen dute
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila bi foku nagusi aztertzen ari da egunotan, kezkatzeko moduko kutsatzeak agertzen hasi baitira osasun zentro batzuetan. Txagorritxuko ospitalean (Gasteiz) eta Basurtuko (Bilbo) ospitaleko positibo kasuak gertutik ari dira jarraitzen, eta gaixoak bakartuta dituzte. Gaur, baina, Gurutzetako ospitalean (Barakaldo) ere positibo berri bat antzeman dute.
Gaur [ekainak 9] 00:00ak arteko datuen arabera, Lea-Artibain eta Mutrikun COVID-19agaz kutsatutako kasu berririk erregistratu barik jarraitzen dute. Guztira, pandemia hasi denetik eskualdean 103 kutsatu erregistratu dituzte.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila bi foku nagusi aztertzen ari da egunotan, kezkatzeko moduko kutsatzeak agertzen hasi baitira osasun zentro batzuetan. “Agerraldiak osasun sisteman gertatu dira, birusa gure artean dagoelako, eta osasun sistema delako denetan ahulena”, esan du Nekane Murga Osasun sailburuak. Txagorritxuko ospitalean (Gasteiz), egoerak berdin jarraitzen du: ez dute beste positiborik atzeman. Lau gaixo daude: bi paziente, langile bat eta bisitan joandako pertsona bat. Basurtun (Bilbo), ordea, birusa hedatu egin da: 20 lagunek dute COVID-19 gaitza. Horien artean bederatzi erietxeko langileak dira, eta gainontzekoak, pazienteak eta bisitariak. Guztiak daude bakartuta, eta haien kontaktuak identifikatu dituzte.
“Fokuak aztertzen ari gara, eta lokalizatu ditugu. Duela aste batzuk baino hobeto gaude”, adierazi du Murgak. Joan den astean lehendabiziko positiboak atzeman zituztenez geroztik, PCR bidezko probak egin dituzte ospitaleetan. Txagorritxun, 102 PCR proba egin dituzte. Basurtun, 230; 160 baino gehiago osasun langileen artean. Azken egunetan sendagiria eman dieten pazienteei ere egin dizkiete probak. “Zainketa sare bat” osatu dute, eta identifikatuta dauzkate kutsatutakoen inguruko pertsonak. “Garaiz atzeman ditugu”, esan du Murgak. Denera, 40 paziente baino gehiago bakartu dituzte.
Gaur goizean adierazi dute Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzetako ospitaleko paziente batek ere positibo eman duela PCR proba eginda. Murgak esan du gaixoa bakartu dutela, baita harekin egondako pazienteak eta langileak ere. Dena dela, ez dute detektatu birusa ospitalearen barruan hedatu denik; beraz, ez dute agerralditzat jo.
“Fokua kontrolatuta egon daitekeela uste dugu, baina ezin dugu baieztatu, inkubazio aroa pasatu arte itxaron behar baitugu. Positibo horiek ostiralean eta larunbatean identifikatu genituen, eta beste batzuk kutsatu zitzaketen aurretik. Birusa latente egon daiteke, eta datozen egunetan agertu. Positiborik ez egoteak ez du esan nahi kutsaturik ez dagoenik”, ohartarazi du Murgak. Positibo eman duten pazienteei beste PCR proba bat egingo diete aurrekotik zortzi egunera, eta, orduan negatibo emanda ere, berriro aztertuko dute haien osasuna hamabost egunen buruan.
Lurraldekako azterketa eginda, gaur [ekainak 9] 00:00ak arteko datuen arabera, ondokoak dira lurraldez lurralde PCR proban positibo eman duten kasu berriak:
- Araba: 3.301 positibo (5 kasu gehiago azken 24 orduetan)
- Bizkaia: 7.801 positibo (+184)
- Gipuzkoa: 2.264 positibo (+1)
Ospitaleratutakoei dagokioenez, gaur [ekainak 8] goizaldera arteko datuen arabera 18 pertsona daude ZIUn (atzoko datu berdina). Eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak kontuan hartuta, RO 1,59 dela diote. Guztira, pandemia hasi zenetik 1.577 pertsona hil dira (atzo 6 pertsona hil ziren).