Lekeitioko Udalak jendaurreko arreta zerbitzua jarri du martxan
Udaletxe azpian prestatu dituzten bulego berrietan eskainiko dute zuzeneko harrera zerbitzua. Plaza azpiko komunak ere zabalduko dituzte.
Alarma egoeraren 3. fasean sartuta, hainbat neurri zehaztu ditu Lekeitioko Udalak. Alde batetik, jendaurreko arreta zerbitzua jarri zuten martxan atzo [ekainak 8], udaletxe azpian prestatu dituzten bulego berrietan. Azaldu dutenez, bertan sartzeko beharrezkoa izango da hitzordua aurretiaz eskatzea. Txanda hori hartzeko udaletxera deitu daiteke (94 603 41 00) edo helbide elektroniko bidez gabaroa@lekeitio.eus edo udala@lekeitio.eus mezu bat bidali, zitaren zergatia azalduz. Bide horietatik azalduko diete egin nahi dituzten izapideetarako beharrezkoa duten dokumentazioa zein den. “Modu honetan, txanda bakar batekin prozedura burutzeko aukera egongo da”, azaldu dute.
Hain zuzen ere, informazio orokorra, hirigintza, diruzaintza eta gizarte zerbitzuen inguruko jendaurreko zerbitzuak emango dira udaletxe azpiko bulegoetan. “Sartzeko derrigorrezkoa izango da maskara ipinita izatea”, azpimarratu dute.
Bestalde, erakusketak egiteko gunea ere lekuz aldatuko dute. “Orain arte Barandiaran aretoa erabiltzen zen, orain aldiz, kultur etxean aurkitzen den Eskolape aretoa berreskuratuko da erabilera horretarako”.
Turismo bulegoa, aldiz, joan den astean zabaldu zuten, eta Lekeitioko turismo orria ere jarri dute martxan. Azaldu dutenez, gero eta gehiago dira Lekeitiora hurbiltzen ari diren hurbileko turistak eta informazio eske deitzen dutenak.
Azkenik, plaza azpian dauden komunak ere zabalduko dituzte. “Gune guztietan segurtasun neurriak errespetatu beharko dira zerbitzuetara sartu ahal izateko”.