Espainiako Gobernuak segurtasun tartea 1,5 metron ezarri eta maskaren erabilera arautu du
Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluak gaur onartu du "normaltasun berria" arautzeko lege dekretua; esan dutenez, indarrean egongo da Espainiako Gobernuak "krisia amaitu" dela erabaki arte. Maskarak derrigorrez erabili behar direla eta hori errespetatzen ez dutenei 100 euroko isuna jartzea aurrikusi du dekretuak.
Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseilua gaur bildu da “normaltasun berria” arautuko duen dekretua onartzeko. Alarma egoera amaitu [ekainak 22tik aurrera] eta COVID-19ak iraun bitartean zer arau bete beharko diren zehazten du lege dekretuak. Espainiako Osasun ministro Salvador Illak adierazi du “normaltasun berria” arautzeko lege dekretua indarrean egongo dela Espainiako Gobernuak “krisia amaitu” dela erabaki arte. Esan dutenez, “normaltasun berria”-k COVID-19aren aurkako txertoa atera arte luzatuko da.
Besteak beste, segurtasun tartea metro eta erdira mugatu dute, eta ez bi metrora. Eta hori bermatu ezin denean, espazio itxietan eta garraio publikoan maskaren erabilera derrigorrezkoa dela jasotzen du dekretuak; hilabeteetan erabili beharko direla esan dute. Eta arau hori betetzen ez dutenei 100 euroko isunak ezartzea jasotzen du. “Maskarak segurtasun tartea mantendu ezin den leku guztietan erabili beharko dira: lantokian, ikastetxeetan…”, esan dute. Horrez gain, zahar etxeek agerraldi berriei aurre egiteko kontingentzia planak prestatu beharko dituztela eta garraio publikoari eta osasun produktuen salmentari lotutako neurri bereziak jasotzen ditu.
Dekretuak jasotzen duenez, erkidegoetako presidenteek edukiko dute eskumen gehiena, baina alor batzuen gaineko kontrola Espainiako Gobernuaren esku egongo da: Espainiako Estatu osoan mugitzen diren garraio zerbitzuak, kirola eta estadioetako ikuslegoa.
Espainiako Ministroen Kontseiluak lege dekretua gaur onartu badu ere, orain Espainiako Kongresuari dagokio onartzea. Lege dekretuak Ciudadanosen eta EAJren babesa dauka.