Euskaraldia aurkeztuko zaie Ondarroako talde eta elkarteei
Aurkezpenak bi egunetan egingo dira: ekainaren 16an eta 17an.
Ondarroako Euskaraldia batzordeak aurkezpen ekitaldia antoaltu du Ondarroako talde eta elkarteentzat, ekainaren 16rako eta 17rako; 19:00etan, Kofradia Zaharrean.
2020an entitateek izena ematea lortu nahi da, “Euskaraldia honetara batuko direlako era guztietako erakundeak, enpresak, saltokiak, elkarteak, taldeak eta gizarte eragileak”, adierazi dute antolatzaileek. Datorren asteko agerraldietan, Euskaraldiaren gaineko azalpenak emango dituzte, eta entitateei izena emateko argibideak emango dizkiete.
Euskaraldia 2018an egin zen, estreinako, hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzeko. Aurten, berriro egingo da, udazkenean. Bigarren honetan entitateak protagonista izango dira. “Hortaz, gonbidatuta zaudete talderen batean edo elkarteren batean parte hartzen duzuen guztiok”, esan dute.
Ondarroako Euskaraldia batzordeak martxoan aurkeztu nahi zuen Euskaraldia, baina ekitaldia bertan behera laga zuten osasun larrialdiaren eraginez. Orain, elkartzeko aukera dagoenez, deialdia egitea erabaki dute. Dena dela, aforoa mugatuta egongo da. Horregatik, taldeei eskatu diete joan aurretik baieztatzeko ze egunetan joango diren eta zenbat lagun.