Julen Atxurra lekeitiarra Aranjuezko espetxera hurreratuko dute
Espainiako Espetxe Instituzioetako Idazkaritza Orokorrak iragarri du lekualdaketa. Senideek eta abokatuak ez zeukaten horren berri.
Julen Atxurra Egurrola Pototo lekeitiarra Cadizko (Andaluzia, Espainia) Puerto I-etik Madrilgo (Espainia) Aranjuezko espetxera hurreratuko dutela iragarri du Espainiako Espetxe Instituzioetako Idazkaritza Orokorrak. COVID-19 birusak sortutako osasun baldintzek horretarako bidea ematen dutenean lekualdatuko dutela azaldu dute.
Atxurrak 61 urte ditu, eta buruko isuri bat eduki zuen maiatzaren 13an. 24 urte beteko ditu espetxean, lehen graduan. Erizaindegian egon da Atxurra, buruko isuriaren ondorioetatik berreskuratzen. Lekualdatze iragarri dutenean senideek eta presoaren abokatuak ez zeukaten horren berri.
Jakitera eman dutenez, lekeitiarra ez da hurreratuko duten euskal preso bakarra izango. Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara hurbilduko dituzte Asier Mardones, Balbino Saenz eta Asier Rodriguez presoak. Rodriguez, Alborotetik Soriara eramango dute, Mardones Alacantetik (Herrialde Katalanak) LogroƱora (Espainia) lekualdatuko dute, eta espetxeko Tratamendu Batzordeak proposatu du bigarren gradura igarotzea. Saez, berriz, Valentzia III-tik (Herrialde Katalanak) Valladolidera (Espainia) eramango dute.