Nekane Murga: "Bi ospitaleetako fokuak laster antzeman dira, eta beharrezko neurriak hartu dira"
Osasun sailburuak azpimarratu du bi fokuak "laster" detektatu direnez, "profesionalen eta pazienteen segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak" hartu ahal izan direla. Lea-Artibain eta Mutrikun hamazazpi egunez jarraian ez dute positibo kasu berririk antzeman.
Arabajo Unibertsitate Ospitalean (Txagorritxu) eta Basurtuko Unibertsitate Ospitalean detektatutako fokuen berri emateko agerraldia egin du gaur Nekane Murga Osasun sailburuak. Esan duenez, bi fokuak “laster” detektatu dira. “Horri esker, profesionalen eta pazienteen segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak hartu ahal izan dira: positiboak isolatu eta kontaktu estuen identifikazioa eta jarraipena egin da”. Murgarekin batera, Bilbo-Basurtu ESIko zuzendari kudeatzaile Eduardo Maizek parte hartu du agerraldian.
Momentuz, honakoa da bi ospitaleetako egoera:
- Basurtuko Unibertsitate Ospitala: guztira 423 PCR proba egin zaizkie profesionalei (296), pazienteei (67) eta bisitei (60). Azken orduko emaitzen arabera, 25 pertsonak eman dute positibo, eta horietako bat, lehendik patologiak zituena, hil egin da. 9 profesionalek, 12 pazientek eta 4 bisitarik eman dute positibo. Gainerako probek negatibo eman dute.
- Txagorritxu: 117 PCR egin dira kontaktu estuetan, pazienteetan eta profesionaletan. 4 positibo antzeman dituzte (2 paziente, profesional 1 eta bisita 1).
Egoera epidemiologiko orokorrari dagokionez, hamazazpigarren egunez jarraian, Lea-Artibain eta Mutrikun positibo kasu berririk antzeman barik jarraitzen dute. Guztira, pandemia hasi denetik eskualdean 103 kutsatu erregistratu dira.
Lurraldekako azterketa eginda, gaur [ekainak 10] 00:00ak arteko datuen arabera, ondokoak dira lurraldez lurralde PCR proban positibo eman duten kasu berriak:
- Araba: 3.304 positibo (3 kasu gehiago azken 24 orduetan)
- Bizkaia: 7.816 positibo (+15)
- Gipuzkoa: 2.265 positibo (+1)
Ospitaleratutakoei dagokioenez, gaur [ekainak 10] goizaldera arteko datuen arabera 18 pertsona daude ZIUn (atzoko datu berdina). Eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak kontuan hartuta, RO 1,90 dela diote. Guztira, pandemia hasi zenetik 1.580 pertsona hil dira (atzo 3 pertsona hil ziren).