Zinema Ikusgarrira itzuliko da uztailean
Aretoak ikusle gehiago hartu ahal izan arte itxarotea erabaki du Lekeitioko Zinemazaleen Elkarteak. Ezin izan diote ihes egin COVID-19aren pandemiaren eraginari
Hiru hilabete baino gehiago itxita egon ondoren, zinema Ikusgarrira itzuliko da berriro. Lekeitioko Zinemazaleen Elkarteak uztail hasieran zinema emanaldiekin eta irail amaieran kultur ekitaldiekin hasteko asmoa dauka.
Nahiz eta zinema aretoek 2. fasetik irekitzeko aukera eduki, ikusle kopuru handiagoagaz egin ahal izan arte itxarotea erabaki du Lekeitioko zinema aretoa kudeatzen duen elkarteak. «Metro biko segurtasun distantzia mantendu behar bada ikusleko, edukiaren laurden batera heltzen zara. Ikusgarrik, esaterako, 288 laguneko edukiera dauka, eta ikusleen artean metro biko distantzia uzteko 90 ikusle sartu ahal dira bakarrik. Segurtasun neurriak asko baldintzatzen du», azaldu du David Madarieta Lekeitiko Zinemazaleen Elkarteko lehendakariak.
Horrez gain, zaleentzat erakargarri izango den karteldegia eratzeko ezinbestekoak diren estreinaldi handirik ez dagoela azpimarratu dute. «Esan digutenez, laster martxan hasiko dira zinema batzuk, martxoan atzera utzitako filmeekin, baina guk ikusten duguna da martxoko pelikula horiek askok ikusita izango dituztela plataforma digitalen bidez, eta, gure ustez, horrela zabaltzeak ez du merezi».
Zinema munduari erauzten utzi behar zaiola uste dute: «Hilabete bi eta erdi-hiru hilabete geldik egon da zinema mundua, eta ekainaren erdi bueltan hasiko dira estreinaldi berriak iragartzen. Hori dela eta, pentsatu dugu arin eta fundamentu barik martxan hasi beharrean, uztailera arte itxarotea; uztailerako edukiera kontua argiago egongo da, eta handiagoa izango da seguruenik, eta zinema mundua bera, filmeen aldetik, martxan egongo da, eta ganorazko karteldegi bat aurkezteko aukera edukiko dugu».
Zinema aretoa hiru hilabete baino gehiago itxita egongo den arren, gastuak ez dira eten, eta horiei aurre egitea ez dute erraza izango
Bestalde, hilero, kultur ekintza bat antolatzen du Zinemazaleen Elkarteak: antzerki, kontzertu… «Nahikoa aurretik hartu behar dira, euren egutegia izaten dute eta». Beraz, otsailaren hasierarako uztailera arteko ekintzak lotuta zituen Zinemazaleen Elkarteak. «Lehen biak egin ziren, Ene Ba! antzerkia eta Izaki Gardenen kontzertua, eta martxotik uztailera bitarteko ekintza batzuk bertan behera geratu dira, datorren urtean egiteko asmoz, eta beste batzuk, atzeratzea eskatu digute». Atzeratutakoekin irailaren amaieran hasiko dira. «Ez dakigu irailetik abendura arte ere zer gertatuko den. Adibidez, etortzen diren musika taldeei leihatilatik ordaintzen zaie kontzertua, leihatilako %100 eurentzat da. Aretoaren erabilera %50ekoa bada, taldeei ez zaie errentagarri ateratzen etortzea. Antzezlan bati, agian, bai, emanaldi bi eginda».
Gastuak. COVID-19aren eraginari ezin izan diote ihes egin Zinemazale Elkartekoek ere. Konfinamendua hasi baino bi egun aurretik (martxoaren 13an) erabaki zuten Ikusgarri ixtea, eta zinema aretoa hiru hilabete baino gehiago itxita egongo den arren, gastuak ez dira eten, eta horiei aurre egitea ez dute erraza izango.
Zinemazale Elkarteak langile bat dauka, eta Ikusgarriren itxieragaz, ERTEan sartu zuten. Hala ere, ez dute gobernuek eta enpresek onartu duten bezalako ERTEa ezarri nahi izan. Hau da, ez dute langilearen soldata %70era jaitsi nahi izan. «Elkarte modura esan genuen ez genuela nahi gure langileak bere soldatan murrizketarik izaterik, eta soldata osatzeko %30eko kopuru hori gu ordaintzen ari gara».
Aldiz, beste gastu batzuk gutxitzen ahalegindu dira. Horretarako, kontaktuan jarri dira zinema arloan ari diren enpresekin. Esate baterako, Janto Ticketing Software enpresak eramaten die sarrera kontuak, eta bizpahiru hilabetean bere zerbitzuak ezin izango zirela erabili adieraziz mezu elektronikoa bidali zioten. «Baina kontratua urte guztirako sinatzen dela eta, hilero kobratzen jarraituko zutela erantzun ziguten». Hilero, beraz, gastu finko batzuei erantzun behar izan diete. «400 euro hilean ordaintzen egon gara, eta gure diru sarrera bakarra leihatila da».
Proiektoreak daukan mantenu zerbitzua ere hilero kobratzen diete. «Eurengana zuzendu ginen, eta azaldu ziguten proiektorea asko erabilita garrantzitsua dela mantenua egitea, baina gutxi erabilita edo amatatuta badago ere, komenigarria dela mantenua egitea». Izatez, esan zieten astean behin edo birritan proiektorea piztera joateko, ordu laurden inguru. Eta horretan ibili dira konfinamendua gogorren egon denean ere. «Elkarteko kide Ibon Larreategi informatikoa da, eta baimena eduki du Ikusgarrira joan eta proiektorea piztu eta amatatu eta beste lanen bat egiteko».
Gastuak bai, baina laguntza gutxi. Azaldu dutenez, Lekeitioko Udalak galdetu die zelan dabiltzan, eta idatzi bat bidali dute euren egoeraren berri emanez. Horrez gain, ez dute uste beste laguntzarik izango dutenik.
«COVID-19ari lotutako laguntzaren bat atera dute, pandemiak eragindako gastuak ordaintzeko, baina ez da gure kasurako. Guk gelak eta maskarak erosiko ditugu, baina areto bat baino gehiago dituzten zinematan desinfekzio tunelak jarriko dituzte. Horrek sartzen dira laguntza horren barruan, zuk erosten dituzu, bidaltzen duzu faktura eta datorren urtean helduko da ordaintzeko laguntza. Horrelako arku batek 12.000 euro balio ditu. Boluntario talde batek kudeatzen duen elkarte batean zelan gastatuko dugu horrelako dirutza?».
Desinfekzio tunelik ez, baina osasun segurtasunerako neurriak hartuko dituzte. Aretoa desinfektatuko dute saioko, eta saioa amaitzen denean, esaterako umeen 17:00etako saiora joan direnek 19:00etako saiokoekin bat ez egiteko larrialdi irteeratik irtengo dute. Leihatilan ilara sortuko balitz ere, batetik bestera metro biko distantzia mantentzea bermatuko dute. «Barrua ere neurtuta daukagu, metro biko tarte hori zainduta zenbat ikusle sartzen diren jakiteko».
Sarrerei dagokionez, momentuz, kultur ekintzetako sarrerak Internet bidez saltzen dituzte, baina zinemakoak ez. Eta, beraz, ikusleak sarrera erosten zutenean, boluntarioak egoten ziren sarrerak mozten. Orain, aldiz, ez dute sarrerarik moztuko. «Kutxa baten itxiko da sarrera hori, ahal denik eta kontaktu gutxien edukitzeko edo ez egoteko».
Momentu honetan 695 bazkide dira, eta nahi duenak badaukala bazkide egiteko aukera esan dute. Izan ere, bazkidetza urte osoan dago zabalik, eta ez dauka urteko kuotarik
Bazkideak. Lekeitioko zinemazaleen elkarteak bere lehen emanaldia eman zueneko 6. urteurrena bete da alarma egoeran, maiatzaren 24an, hain zuzen. Baina, aurten, ezin izan dute antzerki edo kontzertu bategaz ospatu, urtero egin ohi duten modura. «Aurten ospakizun barik geratu gara, baina eskerrak eman nahi izan dizkiete bazkide guztiei, eta bereziki lehen urratsak ematen lagundu zigutenei, gaur egun haiengatik garena garelako», azpimarratu du Madarietak.
Momentu honetan 695 bazkide dira, eta nahi duenak badaukala bazkide egiteko aukera esan dute. Izan ere, bazkidetza urte osoan dago zabalik, eta ez dauka urteko kuotarik. «Bazkide egiterakoan 50 euro ordaintzen dira, eta kitto». Kopuru horregaz txartel bat jasotzen da, eta abantaila batzuk izaten dituzte bazkideek, esatera baterako, beherapenak filmeak ikusteko sarreretan eta zozketa bereziak.