Markina-Xemeingo Esperanza aretoak zinema emanaldiak berreskuratuko ditu
'El reino' filma emango dute zapatuan [ekainak 13] eta domekan [ekainak 14]. Sarrerak aldez aurretik erosi behar dira Uhagon kulturgunean.
COVID-19 birusak eragindako geldialdiaren ondoren, zine emanaldiei jarraipena emango diete Uhagonek eta Zinemaren lagunak. Asteburu honetarako El Reino filma programatu dute. Aforoa mugatua izango da. Hori dela eta bi emanaldi eskainiko dira, bata zapatuan [ekainak 13] eta bestea domekan [ekainak 14]. Biak 18:30ean izango dira.
Rodrigo Sorogoyen zuzendari madrildarraren (Espainia) El Reino filmak eskrupulurik gabeko klase politiko baten erretratu hondagarria erakusten du: Manuel oso politikari maitatua da, baina ustela ere bada. Lankide bat zipriztintzen duen ustelkeria kasu bat argitara ateratzen denean, Manuel ezkutatzen saiatzen da, baina akats bat egiten du eta bera da agerian geratzen dena. Bere izena zipriztinduta geratzen da, eta alderdian prest daude erortzen uzteko eta, gainera, sare osoaren erantzule egiteko. Hala ere, Manuel ez dago amore emateko prest, eta salbatzeko behar duen guztia egingo du, ezusteko neurriak hartu behar baditu ere.
Antolatzaileek aditzera eman dutenez, segurtasun eta higiene neurriak errespetatuko dira, eta beraz, maskara eraman beharko da. Sarrerak ere, aurretik erosi beharko dira Uhagon kulturgunean; sarrera 4 eurokoa izango da.