Markina-Xemeingo Udala Udalkutxaren 2020. urteko emaitzaren likidazio negatiboa konpentsatzen hasi da
Jaietarako aurreikusita zegoen 135.000 euroko sailetik 73.577 euro bideratu ditu udalak aurre likidazioa egiteko. EH Bilduri ez zaio ondo begitandu diru hori guztia sail beretik hartzea.
COVID-19aren eraginez, zergetatik iaz baino diru gutxiago jasoko duela aurreikusten du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta, ondorioz, udalerriek aurreikusitakoa baino gutxiago jasoko dute. Behin betiko datua ez da otsailera arte jakinaraziko, 2020 urteko ekitaldia likidatu arte. Izan ere, udalen funtsaren likidazioa otsailean egin ohi da: positiboa den kasuetan, udalek aparteko diru sail bat jasotzen dute, eta, negatiboa bada, baliabideak itzuli behar dituzte. Hala ere, lehen kalkuluen arabera, zerga bilketaren beherakada %20 ingurukoa da.
Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak azaldu duenez, Markina-Xemeingo Udalari 101.000 euro jasotzea zegokion foru funtsetik, baina “askoz gutxiago” izango dela dio. Aurreikuspenen arabera, aldundiak Udal Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murriztuko die udalei. Hori dela eta, aurrekontuak moldatzen hasi da Markina-Xemeingo Udala, eta aste honetako osoko bilkuran kreditu aldaketa bat onartu dute.
Hain zuzen ere, jaietarako aurreikusita zegoen 135.000 euroko sailetik 73.577 euro bideratu ditu udalak aurre likidazioa egiteko. “Horrela egitea nahiago dugu azkenean kopuru handi bat bat-batean ordaindu behar izatea baino; aurreratzen zoaz itzuli beharrekoa. Agindua etorri zen hori egiteko”, azaldu du alkateak. Aurrekontuetan “zuhurtziagaz” jokatu zutela ere aitatu du: “Aldundiak 73.000 euro inguru emango zigula estimatu genuen, eta kopuru hori izan genuen kontuan aurrekontuetarako. Orain, hori da kendu behar duguna”.
Argitu duenez, aurtengo aurrekontua aztertu eta zer sail dauden ikusi dute diru hori nondik hartu erabakitzeko. “Jaietako saileko diru bat badakigu ez dela erabiliko, eta horretara bideratzea erabaki dugu. Diru sarrera hori ez dugu edukiko, baina izango ez dugun gastu bategaz konpentsatu dugu”.
Egozteko moduaren kontra. Dirua sail beretik hartzea ez zaio ondo begitandu oposizioari. Bizkaiko Foru Aldundiak Markina-Xemeini emango ez dion dirua osatzeko jaien poltsako dirua erabiltzea ez du ondo ikusi Markina-Xemeingo EH Bilduk. “Ez eta kulturako dirua berez hirigintzako proiektua den bankuak margotzeko erabiltzea ere”, esan dute. “Guztira, 84. 000 eurotaz ari gara. Horretarako daukagu azken urteetan egindako kudeaketa ekonomiko egokiaren ondorioz aurreztutako diru poltsa edo diruzaintzako geldikina”, diote.
Jaietako diru saila hustu barik, aldundiari itzuli beharreko kopurua diruzaintzako gerakinetik hartu behar zela uste du EH Bilduk. “Jaiak kendu edo gutxitu ahal ahal diren kontu bat direnaren mezua zabaltzen ari garela uste dut, eta ez da horrela; diru geldikina erabili ahal zen horretarako”.
Leku batetik zein bestetik hartu zitekeela esan du alkateak. “Aukera ezberdinak zeuden egiteko, eta aurrekontua aztertuta, erabiliko ez den diru batetik hartzea erabaki dugu. Egongo ez den sarrera bat egingo ez den gastu bategaz konpentsatu da”.