Nekane Murga: "Ez dut ukatuko datuek joera aldaketa bat erakusten dutela"
Hamazortzigarren egunez, Lea-Artibain eta Mutrikun ez dute kutsatu berririk erregistratu. Lurraldeka, Bizkaian hazi da gehien kutsatu kopurua: beste hamabost herritarrek eman dute positibo. Beste hiru kasu atzeman dituzte Araban, eta beste bat Gipuzkoan
Kutsatu kopurua gora egiten ari da pixkanaka, eta argi hitz egin du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak: “Ez dut ukatuko datuek joera aldaketa bat erakusten dutela”. Bizkaian hazi da gehien kutsatu kopurua: beste hamabost herritarrek eman dute positibo. Nafarroan, berriz, azken egunetako joerari eutsi zaio, eta lau kutsatu berri erregistratu dituzte.
Momentuz, honakoa da bi ospitaleetako egoera:
- Basurtuko Unibertsitate Ospitala: 29 pertsonak eman dute positibo, eta horietako bi, lehendik patologiak zituenak, hil egin dira. Positibo eman duten gainerakoen artean, 11 profesional, 11 paziente eta pazienteak bisitatu edo haiekin hurreko harremana duten 7. Gainerako probek negatibo eman dute.
- Txagorritxu: 130 PCR egin dira, eta zazpik eman dute positibo (3 paziente, profesional 1 eta 3 bisitari edo pazienteen hurreko).
Egoera epidemiologiko orokorrari dagokionez, hamazortzigarren egunez jarraian, Lea-Artibain eta Mutrikun positibo kasu berririk antzeman barik jarraitzen dute. Guztira, pandemia hasi denetik eskualdean 103 kutsatu erregistratu dira.
Lurraldekako azterketa eginda, gaur [ekainak 11] 00:00ak arteko datuen arabera, ondokoak dira lurraldez lurralde PCR proban positibo eman duten kasu berriak:
- Araba: 3.305 positibo (kasu 1 gehiago azken 24 orduetan)
- Bizkaia: 7.827 positibo (+12)
- Gipuzkoa: 2.265 positibo (=)
Ospitaleratutakoei dagokioenez, gaur [ekainak 11] goizaldera arteko datuen arabera 18 pertsona daude ZIUn (atzoko datu berdina). Eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak kontuan hartuta, RO 1,88 dela diote. Guztira, pandemia hasi zenetik 1.584 pertsona hil dira (atzo 4 pertsona hil ziren).