Ekainaren 19an zabalduko dute Lekeitioko kiroldegia
Ezohiko egoeran egonik, ordutegiak aldaketak izango ditu, eta egokitzapenak ere egin dituzte.
Covid 19ak sortutako alarma egoeraren ondoren eta normaltasun berrira pixkanaka bueltatzeko asmoz, kiroldegiko ateak zabalduko ditu barikuan [ekainak 19] Lekeitioko Udalak. Ezohiko egoeran egonik, ordutegiak aldaketak izango ditu, eta egokitzapenak ere egin dituzte, egoerak eskatzen dituen segurtasun eta higiene neurriak betetzeko.
Kiroldegia astelehenetik domekara eta jai egunetan 07:00etatik 13:30era egongo da zabalik. “10:30etatik 11:00etara, garbitasun eta desinfekzioa egiteko kiroldegia itxi egingo da, eta tarte horretan ezin izango da erabiltzailerik egon instalakuntzetan”, azaldu dute.
Gimnasioko makina batzuk frontoira pasatu dituzte, eta gimnasioa bera eta pabiloia ere ikastaroak eman ahal izateko egokitu dute. Kiroldegira joan ahal izateko, ez da aldez aurretik txandarik hartu beharko.
Igerilekuari dagokionez, momentuz ez dute zabaltzea aurreikusten. “Udan erabiltzaile kopurua txikia izaten da normalean, eta egoera honetan konponketa lanak egiteko aprobetxatuko da”. Hala ere, edozein aldaketa balego jakinaraziko dutela azpimarratu dute.
Bestalde, kirol instalakuntzak itxita egon diren denboran sortutako eragozpenei erantzuteko, bazkide bakoitzari ordaindutako kuotaren zati proportzionala itzuliko zaiola jakitera eman dute. Ikastaroei dagokionez, uztailean hasiko direla martxan esan dute. “Kiroldegiko harreran egongo da beharrezko informazio guztia, edo bestela 94 624 30 05 zenbakira deitu edo kiroldegia@lekeitio.eus helbidera idatzi daiteke”.