Udalerri euskaldunek duten aberastasuna ikusarazteko eta aldarrikatzeko kanpainan parte hartuko dute bertoko herri batzuek
Kanpaina ekainaren 19an jarriko da martxan, eta herritarrei eta bisitariei erakutsiko zaie udalerri euskaldunak zer nolako altxorrak diren eta bertatik bertara zenbat goza daitekeen. Bertoko bazterrak eta txokoak ezagutzeko gonbitea egiteaz gain, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela azpimarratuko du.
COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz batetik bestera bidaiatzeko eta atseden egunak antolatzeko moduak aldatu dira. Horren aurrean, Uemak udalerri euskaldunek beren baitan biltzen duten aberastasuna ikusaraztea eta aldarrikatzea helburu duen Bertatik Bertara kanpaina abiarazi zuen ekaina hasieran. “Inoiz baino gehiago, gure bazterrak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu hurrengo hilabeteotan”. Eta kanpaina horrekin bat egin dute Amorotok, Lekeitiok, Markina-Xemeinek, Mutrikuk, Ondarroak eta Ziortza-Bolibarrek.
Kanpaina ekainaren 19an jarriko da martxan, eta, euskararen erabileratik hasita, turismo eskaintzan bertako altxorrak nabarmenduko ditu. Guztira, Hego Euskal Herriko 61 udalek bat egin dute ekimenarekin. “Herritarrei eta bisitariei erakutsiko zaie udalerri euskaldunak zer nolako altxorrak diren eta bertatik bertara zenbat goza daitekeen”. Ekimena bertako produktuekin, bertako kulturarekin eta bertako ekonomian oinarritutako garapenari eskutik helduta joango dela esan dute, beti ere, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela azpimarratuz.
Kanpainaren materiala. “Gure bazterrak ezagutzera eta maitatzera gonbidatzen zaitugu, eta horrekin batera, baita horren bertakoa den eta horren bizirik dagoen hizkuntzaz gozatzera ere”, dio denda, jatetxe, ostatu eta zerbitzu sektorerako prestatatutako karteletan eta mahai gainekoetan ageri den testuak. “Zehazki, material hori izango da lehen hilabeteetan kanpainaren erakusleiho nabarmenena”. Zehaztu dutenez, kanpainarekin bat egin duten udalerri horietako taberna, jatetxe, denda, ostatu eta, oro har, zerbitzu sektoreko establezimenduek datorren astean jasoko dituzte kanpainako kartelak, mahai gainekoak eta bestelako materiala.
Kanpainarekin bat egin duten udalek banatuko diete material guztia merkatariei, ostalariei eta zerbitzu sektoreko eragileei, herritarrengana eta bisitariengana heltzeko “bitartekari ezin egokiagoak direla uste baita”.
Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak esan duenez, Bertatik Bertara kanpaina krisiari aurre egiteko eta sektorea suspertzeko udalek garatutako beste kanpaina batzuen osagarri da (erosketa bonuak eta abar). “Bertatik Bertara kanpaina horien guztien osagarri da. Udal gehienak egoera larria ahal den egokien bideratzeko egiten ari diren ahaleginaren erdian, garrantzitsua da gainerako erakunde publikoek ere bidea hori dela nabarmentzea, gure herrien benetako garapena herriko ekonomian eta herriari arnasa ematen dioten sektoreetan dagoela sinetsita”.
Kanpaina, baina, ez da uda sasoira mugatuko. Izan ere, udazkenetik aurrera udalerri euskaldunen garapenarekin lotutako hainbat ekimenen aterpe izango da. Besteak beste, “udaletatik tokian tokiko produktuak eta ekonomia sozial eraldatzailea nola lagundu daitezkeen hausnartzeko eta lanerako ildo berriak abiarazteko”.
Ondokoak dira kanpainarekin bat egin duten Hego Euskal Herriko gainerako udalak: Aduna, Aizarnazabal, Alkiza, Altzo, Araitz, Aramaio, Arantza, Arantzazu, Arbizu, Areatza, Ataun, Azpeitia, Bakio, Baliarrain, Basaburua, Baztan, Bera, Berastegi, Bergara, Bermeo, Dima, Ea, Elgeta, Etxalar, Etxarri Aranatz, Ezkio, Gabiria, Gatika, Getaria, Goizueta, Igantzi, Igorre, Itsasondo,
Itziar, Larrabetzu, Larraun, Leaburu-Txarama, Lesaka, Lizartza, Mañaria, Oiartzun, Oñati, Orendain, Orexa, Orio, Orozko, Otxandio, Segura, Usurbil, Villabona, Zaldibia, Zarautz, Zerain, Zestoa eta Zumaia.