Markina-Xemeingo Beti Jai elkartea zabaldu dute
Arratsaldez egongo da zabalik eta aforo mugatua edukiko du.

Adinekoen elkarteak beren jarduerara itzultzen hasi ahalko dira. Izan ere, apurka-apurka zabaltzen hasi dira nagusien elkarteen egoitzak. Atzo [ekainak 15] zabaldu zituen ateak, esate baterako, Markina-Xemeingo Beti Jai elkarteak. Udalak jakitera eman duenez, elkartea arratsaldez egongo da zabalik eta aforo mugatua edukiko du.
Bi txandatan zabalduko dute, tartean instalazioen garbiketa egin ahala izateko. Horrela, 16:00etatik 17:30era eta 18:00etatik 19:30era egongo da bertara joateko aukera.
Edukierari dagokionez, bestalde, txanda bakoitzean 18 pertsonako gehienezko aforoa egongo dela zehaztu du udalak, eta erabiltzaile guztiei erantzukizunez jokatu eta segurtasun eta higiene neurriak zaintzea eskatu diete.